GARA Euskal Herriko egunkaria

Joaldun surflaria


Txalaparta soinuek mendietan lanean ari diren joaldunak iratzarri eta bilkura batera deitu dituzte. Haien artean da Aitor artzaina. Garai batean euskaldunek «aita onen seme» gisara aurkezten omen zuten euren burua, eta denborarekin «Aitorren seme» izatera pasatu ziren; hortik omen dator izen horren jatorria.

Ardiak utzi eta gainontzeko joaldunekin elkartu da Aitor. Haien egiteko nagusia izpiritu txarrak uxatzea duten joaldunek mezu bat jaso dute: «Neptuno arriskuan da». Itsasoko laminek igorri dute mezua, Detritus munstroak hartu duen indarrak kezkatuta jo dute joaldunengana.

Gizakiok itsasora botatzen ditugun hondakinekin elikatzen da Detritus eta udatiarrek isurtzen duten zaborra jaten itzelezko piztia bilakatu da. Itsaso garbi eta osasuntsu bat nahi duen Neptunori eraso egin dio Biarrizko hondartzen aitzinean eta mendean hartu du.

Bulunbei eraginez iritsi dira joaldunak Lapurdiko kostaldera, baina urpean diren izpiritu txarrak uxatzea egiteko berria da haientzat eta irudimena beharko dute egoera hartatik ateratzeko. Aitorrek beti egin izan du amets itsasoarekin eta bera izango da Detritus munstroa garaituko duena. Artean, Lapurdiko uhinekin maiteminduko da «Aita onen semea», eta itsaspeko izpiritu txarrak uxatu ostean, bere ardiekin itzuli ordez, surf egiten geratuko da Biarrizko olatuetan.

Joaldun surflari honen istorioa “Aitorren ametsa” liburuan kontatzen da, kolorezko marrazki ederrekin, euskal kultura, natura eta mitologia uztartuz. Surfarekin lotuta gauza zinez bitxiak aurki daitezke gaur egun; izan ere, harrigarria da surfak gure egunerokoan zein arlo anitzetan hartu duen presentzia..