Jon ORMAZABAL
PI

Estutuaren ostean, haizea eman dio Elordik Altunari

9-1 eta 11-4 aurreratu bazen ere, txapeldunak bizkaitarraren hiru akats larri behar izan zituen irabazteko.

ALTUNA 22

ELORDI 17


Sakez egindako bi faltak (partida hasieran egindako bestea eta Altunari epaileek ontzat eman zioten sakea partidaren zurrunbiloan galduko ziren) eta, batez ere, 18-17 zirela, dena alde zuela boleaz kanpora botatako sake-errematea denbora luzez iltzatuta egongo dira jardunaldiko ezustekorik handiena emateko zorian izan zen Aitor Elordiren buruan. Izan ere, Jokin Altuna txapeldunari sekulako estutua eman ostean, bera izan baitzen, amezketarra larrien zegoenean, aurkariari akats hauekin haizea eman ziona. Dena dela, halako izar bat horren estu hartuta, txapelketan ezarria zuen lehen helburua erabat bete du bizkaitarrak, onenen artean lekurik baduela berretsi baitzuen partida handia jokatuta.

Jokin Altunaren kasuan, aldiz, ondoriorik garrantzitsuena lortutako puntua izango da, nahi eta espero baino askoz gehiago sufritu behar izan baitzuen lehen puntua eskuratzeko, batez ere, partida nola jarri zitzaion ikusita. 37 pilotakadetan 9-1 aurreratuta, beti bereziki zaila izaten den debuteko eguna askoz erosoagoa izango zela zirudien, baina azkenerako erabat zukutu zuen Elordik. 

Sakeari eta hurrengo pilotakadari etekin handia aterata, partida oso bere aldera eraman zuen amezketarrak, berea emateko gai ez zen Elordiren aurka. Katedralean zen giro bikainagatik edo, lotuta aritu zen Mallabitik jende asko eraman zuen pilotaria eta lan erditan (11-4 84 pilotakadetan) partidaren pisuak edo giroak jan egingo zutela zirudien.

Zuritik beltzera

Baina profesionaletan emandako bost urteetan halako aukera bat izateko horrenbeste lan egin ostean, aurrelari bizkaitarra ez zegoen besterik gabe joaten uzteko eta, Altunari ez ezik, hurrengo astetik aurrera izango dituen aurkariei –Oinatz Bengoetxea lehena– errespetu pixka bat sartuko zien bere jokoaz.

Irribarria eta Iñaki Artolaren aurka erakutsi bezala, sakea bere esku duenean oso pilotari arriskutsua dela berretsi zuen Altunaren aurka ere, galtzeko beldurrak uxatuta edo, berea emateko gai izan zenean. Sakatzaile aparta da mallabitarra eta errematean ere, gutxi dira bera baino abilagoak profesionaletan eta oldarkor arituta, partidaren gidoia erabat aldatu zuen.

Baina Jokin Altuna estutzera heltzeko beste gauza asko ere egin behar dira ondo eta, udako txakalaldia erabat gaindituta, defentsan ere hobekuntza nabarmena egin duela erakutsi zuen, tanto luze eta ikusgarriak ere eskainiz. Eta beste zenbaitzuek Jokin Altunaren aurka partiden bigarren partean ahalegin fisikoa garesti ordaindu behar izan duten bitartean, Elordik ondo amaitu zuen partida. Pilotari ere, txapeldunak baino abiadura bat gehiago eman zion zenbait unetan –piloten azkartasunaz ere kexatu zen eskuetako inolako arazorik ez duela adierazi zuen Altunak– eta partida iraultzeko zorian ere izan zen mallabitarra.

Baina lau tantora heldu zenean egin zuen bere bigarren falta sakez, bira gerturatuta hirugarrena eta partida berdintzeko aukera kontrakantxako oholetara bota zuen. Hori bai, Altunak ere eman zion lustrerik bere garaipenari, 20-17koan egindako tantoarekin esaterako.

Aimarrek ezin izan du Astelena irabaziz agurtu

Udako etenaldiaren ostean, Katedralak berriz ere ateak zabaldu zituen atzokoan eta kaiolako partidaz harago, bazen pilotazaleak bertaratzeko beste pisuzko arrazoirik, atzokoa baitzen Aimar Olaizolak Astelenan jokatutako azken partida. Eta Atano III.ean ez bezala, porrotarekin esan zion agur bere ibilbidean berezia izan den beste pilotaleku industrial honi, bere 81. agerraldian. Bere egunik onena izan ez zuen Albisuk lagunduta, 22-11 galdu zuten ostiraleko arantza kendu ahal izan zuen Irribarriaren eta Rezustaren aurka.

Partida hasi aurretik, Aspe enpresak omenalditxoa egin nahi izan zion bere eskutik debutatu zuen pilotariari, nahiz eta Fernando Vidartek aitortu zuen Asegarce/Baikoko pilotaritzat duela goizuetarra. Ohiko aurreskua, oroigarritxoa eta, batez ere, zaleen txaloak eraman zituen etxera nafarrak. J.O.