Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA

Bera Berak lehen urratsa eman nahi du Europan

Joaneko partida gaur jokatuko da eta, itzulerakoa, hilaren 24an, Parisen.

Bera Bera European League txapelketan estreinatuko da gaur eguerdian (12.00etan, Gaska kiroldegia, ETB1). Paris 92 talde indartsua izango du arerio eta joaneko partida irabazteko asmoz kantxaratuko dira donostiarrak, ondoren guztia Parisen erabaki dela jakitun.

Erronka benetan zaila dela bat datoz jokalariak eta Imanol Alvarez entrenatzailea. Atariko prentsaurrekoan adierazi zuen Alvarezek, baina, Bera Bera «irabazteko lehiatuko» dela eta ilusioz behintzat «gaindiezinak» izango direla. Udara betean zozketa egin zenean, lehenengo kanporaketan ikusi nahi ez zuten arerioetariko bat suertatu zitzaien donostiarrei: sekulako taldea osatu duen Paris 92. Jokalari frantziarrak indibidualki oso abilak direla ziurtatu zuen Alvarezek, lehen lerro oso indartsua dutela eta, beraz, defentsa sendoa giltzarria izan daitekeela. «Noski Bera Berak irabazteko aukerak dituela, edozein taldek Bera Bera garaitu dezakeen moduan», azaldu zuen. «Garaipen lortzeko gure bertsiorik onena eman beharko dugu. Oraindik gauza batzuk fintzeko ditugu, baina igandea [gaur] egun ona izan daiteke gure bertsio onena azaleratzeko», gaineratu zuen.

Alba Menendez kapitainak ere partida gogorra aurreikusten du, «oso jokalari fisikoak eta defentsa indartsua» dituelako Paris 92 taldeak.

Porriñoko neurketan deskontzentrazio uneak izan zituen taldeak eta Imanol Alvarezek ziurtatu zuen Paris 92 taldearen aurka hori egiterik ez dutela, arerioak ez duelako aukerarik emango horretarako. «Hori gertatzen bada, asko sufrituko dugu», abisatu zuen.

Etxean kanpoan baino hobeto dabil Bera Bera –Aula eta Malagaren aurka partida serioak egin zituen– eta gaur zaleen babesa baliatu nahi du Europan lehen urratsa emateko. Zaleei «ikuskizun aparta» eskaintzea dutela helburu nabarmendu zuen Alvarezek. Menendezek ere bide beretik jo zuen, eta, horren erakusle, gaur Gaskara hurbiltzen den edonork «disfrutatu» egingo duelakoan dago taldeko kapitaina, «guk ere disfrutatu egingo dugulako».

Gaurko partidarako, soilik Eli Cesareo dago min hartuta. Beste guztiak jokatzeko moduan ditu Imanol Alvarezek. Paris 92 taldeari dagokionez, Adja Ouattara pibotearen hutsunearekin heldu da Donostiara eta Lara Gonzalez ezker-hegalekoaren parte hartzea zalantzan dago.

 

Anaitasunaren berdinketa

Anaitasunak, bestalde, neurketa benetan estua jokatu zuen Benidormen pabiloian. Edozeinek irabaz zezakeen norgehiagoka eta, azkenean, berdinketa justu batekin amaitu zen (32-32).

Iruindarrak aurretik joan ziren atsedenaldira, gol bateko errentarekin, baina benetan kosta zitzaien neurketan sartzea. Zazpi goleko aldea eduki zuten kontran eta hori iraultzea lortu zuten hamabost minutu eskasetan. 21. minututik ia azken segundoraino, Benidorm gol bat aurretik izan zen ia beti eta korrontearen kontra borrokatu behar izan zuen Anaitasunak puntu bat poltsikoratzeko.

Zarautz cae ante Barça B en la primera eliminatoria

Amenabar Zarautz no ha podido sorprender al filial del todopoderoso Barcelona en la primera eliminatoria de Copa disputa a partido único en el polideportivo Aritzbatalde de la localidad guipuzcoana (29-39). La diferencia abismal entre los dos conjuntos se reflejó en todo momento y los catalanes dejaron la eliminatoria vista para sentencia para el descanso (11-17).

Hasta doce goles de diferencia endosó el conjunto catalán pero los locales apretaron todo lo que pudieron para terminar diez abajo (29-39). A.U.A.