Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

«Bibliographie» bidearen hirugarren igoera heldu da

Sean Baley estatubatuarrak lortu du balentria. Ceuseko bide gogorrena (9b+) sinatu ahal izateko, udara osoa eta udazkenarenhasiera lanean jo eta su eman ditu. 25 urteko eskalatzaileak, 9a+ zailtasunetik 9b+ mailara zuzenean egin du jauzi, 9b-tik igaro gabe.

Ceusen (Frantzia) dagoen “Bibliographie” bideak azken hilabeteotan oihartzun zabala izan du hedabide espezializatuetan. Iaz, Alex Megos alemanak lehendabiziko igoera sinatu zuen, eta marra horrentzat 9c maila proposatu zuen. Hots, Adam Ondraren “Silence”-rekin munduan zegoen zailtasuna horretako bigarren bidea bihurtu zen. Abuztuaren amaieran, baina, Stefano Ghisolfik alemaniarrari “zaplaztekoa” eman zion. Lehen errepikapena erdietsi zuen, eta, ondo hausnartu ondoren, “Bibliographie”-ri maila bat jaitsi eta 9b+ bezala utzi zuen. Iritzi hori ezagutu ostean, Megosek Ghisolfiren proposamena onartu zuen sare sozialetan.

Bada, irailaren azken egunean, Sean Baileyk bidearen bigarren errepikapena (hirugarren igoera) erdietsi zuen. 25 urteko eskalatzaile estatubatuarrak lan eskerga egin behar izan du jarduera hori biribildu ahal izateko. Lehen ekinaldiak udaran egin zituen, eta urtaro horretan eta udazkenaren hasieran gogor jardun zuen lanean.

Baileyk ezusteko handia eman du “Bibliographie” bidearekin. Izan ere, marra ezaguna egin aurretik bere maila gorena 9a+ zen. Beraz, 9b zailtasunetik igaro gabe jauzi egin du zuzenean 9b+ mailara.

Nahiz eta igoera egin zuenetik hiru aste igaro diren dagoeneko, Baleyk ez du oraindik “Bibliographie bidearen zailtasunaren inguruan iritzirik eman. Bere lehen 9b+ da, eta, ziur aski, horregatik ez du proposamen zehatzik egin. 9a+ esferan, berriz, Ceusen bertan dagoen “Biographie”-rekin sartu zen. 2016ko abuztuan lortu zuen. Duela pare bat urte, Olianako “Joe Mama” ere poltsikoratu zuen.

Irakurri bezala, estatubatuarra bikain moldatzen da kirol eskaladan, baita boulderrean ere. Iaz, ia jarraian, 8c+ mailako bi bloke egin zituen urte amaieran: “Box Therapy” eta “The Grad Illusion”. Azken bloke hori erreferentzia izan daiteke Baileyrentzat “Bibliographie”-k duen zailtasunaren inguruan iritzia emateko; izan ere, 25 mugimenduko bloke hori, bide batekin alderatzen bada, 9a+/b zailtasuna du.

Ceuseko marran lortutako arrakasta hizpide, inoiz bere buruarekin izandako erronka gogorrena izan dela onartu du estatubatuarrak: «Inoiz ez naiz hain obsesionatuta egon. Egunero nuen buruan ‘Bibliographie’ iltzatuta. Non-stop hutsa izan da. Onartu behar dut bidearen erdialdeko giltza nahiko azkar gainditu nuela, baina, aldiz, amaieran , erabat lehertuta, makina bat aldiz erori nintzen».

Irakaspenak

Baileyk onartu du Ceuseko marran bizi izan duen prozesua oso ondo kudeatu behar izan duela: «Ekinaldi on bat egiten nuen bakoitzean, burua eta gorputza lasaitu eta egun bateko atsedena hartzen nuen. Hortaz, bi egunean behin saio gogor bat egiteko aukera izaten nuen. Egia esan, horrekin ez nengoen batere lasai, iruditzen baitzitzaidan eskalatu baino atseden gehiago hartzen nuela. Egoera horretan, zalantzak alde guztietatik azaltzen ziren. Aurrera neraman jokamoldea behin eta berriz jarri nuen auzitan. Banekien entrenamendu gehiago egin nitzakeela. Edo proiektua aldi baterako baztertu, berriro itzuli, burua garbitu eta intentsitate handiagorekin jardun».

Baina estatubatuarra ez zegoen etsitzeko, eta jarritako xedearekin aurrera jarraitu zuen: «Katera erorikorik gabe iristea zen helburu nagusia, noski, baina banekien ‘Bibliographie’-n indarrean jarritako prozesua bera ere garrantzitsua zela. Horrekin esan nahi dut prozesu horrekin asko ikasi dudala. Dena ondo bideratzen saiatu naiz, baina konturatu naiz ere beti ez dela guztia zuzen ateratzen».

Eguraldiak behartuta, Baileyrena “Bibliographie”-ren aurtengo azken igoera izan da. Eskalatzaile gehiago saiatu dira, baina orain itxaron egin beharko dute.