Ane URKIRI ANSOLA
FUTBOLA

Realak zazpigarren garaipena nahi du

Realak zazpigarren garaipena jarraian bilatuko du gaur 16.00etatik aurrera Levanteren aurka (ETB1). Arerio zuzenen arteko lehia hartuko du Zubietak, bolada oso onean den talde txuri-urdinaren eta aurten Txapeldunen Ligako atarikoan Olympique Lyonnais taldeari gauzak estu jarri zizkion talde valentziarraren arteko lehia. Angel Villacamparen taldea, ordea, apur bat irregularra izaten ari da liga hasieran. Real Madril, Eibar eta Valentziaren aurka garaipen eskuratu bai, baina, ondoren, huts egin du etxetik kanpo, Sevillan berdinduta eta Tenerifen Granadillaren aurka 2-0 galduta.

Nolanahi ere, oso kontuan hartzeko arerioa da Levante. Goi mailako jokalariez osatutako taldea da eta bertan daude Reala ederki ezagutzen duten Mendoza eta Baños. Gaur etxera itzuliko dira eta horrek are bereziago bilakatu du partida. 

Reala, aldiz, bere bolada ona luzatzen saiatuko da. Rayo Vallecanoren zelaian ez zuen ezustekorik nahi izan eta seigarren garaipena eskuratu zuen, beste behin ere Eizagirreren eta Sarriegiren erakustaldiekin. Sanni Franssi aurrelaria ere oso fin ari da ate aurrean.

Natalia Arroyok Iraia Iparragirre berreskuratu du eta Maddi Torre geratu da deialditik at. Cecilia Marcos eta Allegra Poljak –biak ala biak luzerako min hartuta– dira txuri-urdinen baja bakarrak.

Garaipenaren bidera itzultzea

Gainontzean, Alaves, Eibar eta Athleticek garaipenaren bidera itzuli nahi dute pasa den astean hiru puntuek ihes egin ostean. Alaves denboraldi hasiera oso serioa ari da egiten, eta Huelvako Sportingen aurka husna berdindu zuen pasa den asteburuan. Oraingoan, Madril CFF taldearen zelaia bisitatuko du (12.00). Madrildarrek, puntu bat gehiago daukate.

Eibarrek ere arerio zuzen bat jasoko du, Betis, alegia. Andaluziarrek puntu bat gutxiago dute sailkapenean eta kolpe gogorra jaso zuten Madril CFF taldearen aurka 4-5 galduta. Armaginek ere galdu egin zuten Real Madrilen etxean eta, beraz, garaipenaren bidera itzuli nahi dute. Athleticek bezala, zeinak husna berdindu zuen Sevillan, hiru garaipen jarraian lortu ostean bolada ezin hobea etenda. Vila-real jasoko du, 16.00etan, Lezaman.