GARA
SASKIBALOIA - EUROCUP WOMEN

Gernikak lidergoa sendotu nahi du La Roche Vendeeren aurka irabaziz

Lointek Gernika Bizkaiak hitzordua du gaur Eurocup Women txapelketako bigarren jardunaldian (20.00, ETB4 eta FIBAko Youtubeko kanala). Bizkaitarrak H multzoko lider dira, lehen jardunaldian Virtus Boloniari 60-65 irabazi ostean. Hori bai, berdinduta daude gaur gauean Malosten izango duten aurkariarekin, La Roche Vendee-rekin; frantziarrek lau puntugatik irabazi zioten Flammes Carolo Basketi (68-64).

Gernikak aste gogorra utzi du atzean. Hiru partida zail jokatu dituzte bizkaitarrek Eurocup Womeneko hitzordu honetara iritsi aurretik: Perfumerias Avenida, Virtus Bolonia eta Valencia Basket-ekin. Gaur Marge Roundtreek ezingo du jokatu eta extrakomunitatez kankopo fitxa utziko dio Bolonian baja izan zen Angie Bjorklund herrikideari. Gabija Meskonyte lituaniarra luzerako baja izango da.

Bizkaitarrek zerbait izango dute alde gaur: zaleak. Izan ere, aspaldiko partez, Malosteko harmailak bete ahal izango dira Europako partida hau ikusteko. Etxean garaipenak eskuratzea berebizikoa izango da, eta hala azpimarratu du Mario Lopezek. «Lehendabizi, jokalari eta talde handiak Gernikan ikusteko aukera handia da. Eta bigarrenik, Maloste berriro beteta ikustea eta azken urteetako Europako gau berezi horiek berriro sentitzea sinestezina izango da».