GARA Euskal Herriko egunkaria
SAREREN MANIFESTAZIOA DONOSTIAN

«Inoiz justifikaziorik izan ez zuen» legeari uko egiteko eskaera


Manifestazio jendetsuak askotariko ahotsak bildu zituen. Hala, eragile politiko eta sindikalak salbuespenezko espetxe politikaren kontra agertu ziren.

ERCko lider Oriol Junquerasek EH Bilduk joan den urriaren 18an egin zuen adierazpena «ausarta eta benetakoa» dela uste du, eta pozik agertu zen Euskal Herriak «Estatuko gatazka» konpontzeko «eztabaida, negoziazio eta adostasunaren bidearen alde» egin duelako.

Josep Rull conseller ohiaren esanetan, Donostian «Gasteizko Parlamentuaren gehiengo oso handia» egon zen ordezkatuta, euskal preso politikoek bizi duten egoera amai dadila eskatzeko. «Ez du zentzurik ETA desagertu eta 10 urtera Estatu espainolak salbuespen egoera mantentzea», adierazi zuen.

Maddalen Iriarte EH Bilduko parlamentariak, bestalde, Madrileko gobernuari «bere lege arrunta» bete dezala eskatu zion, hori «elkarbizitzarantz pauso garrantzitsu bat» ematea izango litzatekeelako.

EAJko parlamentari Irune Berasaluzek ere norabide bereko adierazpenak egin zituen: «Uste dugu ETAko presoei ere askatasunik eza duten gainontzeko pertsonek duten tratamendu bera aplikatu behar zaiela, batez ere kontuan izanda erakundea gure bizitzatik betiko desagertu zenetik hamar urte igaro direla». Alde horretatik, haren ustez, une egokia da «inoiz justifikaziorik izan ez zuen» legea bertan behera uzteko.

Podemoseko Maite Gartziaren hitzetan ere presoak gerturatzea funtsezkoa da. «Eskubide batzuk urratzen ari dira, eta etxetik urrun egotea da horietako bat. Justizia sozial baten alde borrokatu behar dugu», azpimarratu zuen.

Igor Arroyok (LAB) gogorarazi zuen EAEko sindikatu guztiak salbuespen politiken aurka agertu direla, eta Amaia Muñoak (ELA) «Gobernuak presoekin egiten duen erabilera politikoa» salatu behar dela esan zuen.