GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Beldurra hedatzea helburu duten diskurtsoen arriskua


Azken egunotan, EAEko PPk gizartean alarma sortzeko erabili ditu indarkeriaz egindako zenbait delituren harira prentsan kaleratutako titularrak. Popularrek «eraso bortitzen ugaritzeaz» eta «segurtasun ezaz» hitz egin dute, eta Ertzaintzari «egoerari aurre egiteko» eskatu diote. Ildo beretik mintzatu da Gorka Urtaran Gasteizko EAJko alkatea bera ere, delituok egin dituzten «bihozgabeentzat» zigor eredugarriak eskatuz. Beti bezala, populismo errepresiboaren eta populismo zigortzailearen eskutik dabiltza eskuineko politikariak.

Atzo Josu Izagirre Arabako fiskalburuak kontrapuntua jarri zuen. Gezurtatu egin zuen indarkeriazko delituek gora egin dutenik. Era berean, Fiskaltzak indarkeria matxista kasuen «gorakada txikia» baino ez duela egiaztatu esan zuen. Bere datuen arabera, oro har, indarkeriazko delituak 2019ko parametroetan daude. Horrela, fiskalburuak zalantzan jarri zuen eskuinak antolatutako kanpaina. Baliteke EAJ eta PP gai horiekiko oso sentikorra den hautesleen segmentu bat lortzeko lehian aritzea, eta hori zilegi da. Hala ere, kanpainon helburua harago doa. Eskuinak eskubide eta askatasun zibilak murrizten jarraitzeko baldintzak sortzea, eta, aldi berean, bizitzaren esparru guztietan kontrol poliziala indartzea bilatzen du. Jendea beldurtzen dute herritarren zaintzan eta kontrolean oinarritutako gizarte eredua inposatzeko. Liberalismoak eragiten duen ezinegonari aurre egiteko eredu autoritario bat inposatzea dute helburu. Demokraziarentzat oso arriskutsua da hori.

Azken finean, errepresioan oinarritutako polizia eredua eta zigorrean oinarritutako kode penala bultzatzeko balio dute neurriz kanpoko adierazpenok. Ez da harritzekoa, eskuinak ez baitu jendarte libreagoa eta kontzienteagoa eraikitzea bilatzen. Arazoa, baina, benetan larria da: kanpainokin faxismoaren hazia landatzen ari da. Hori oso arriskutsua da eta ezin da onartu. Boto batzuk gorabehera, gezurrok, aireratu beharrean, borrokatu egin behar dira.