GARA Euskal Herriko egunkaria

Umeentzako jaki kalorikoen iragarkiak debekatuko dituzte


Alberto Garzon Espainiako kontsumo ministroak atzo iragarri zuenez, haurrei zuzendutako elikagai eta edari kalorikoen iragarkiak debekatu egingo dituzte. Zehazki, Osasunaren Mundu Erakundeak osasunarentzat kaltegarritzat jotzen dituen gatz, azukre eta koipe askoko elikagaien iragarkiak debekatuko dituzte: txokolate eta azukre asko dituzten gozoak, barra energetikoak, pastelak, galleta gozoak, zukuak, edari energetikoak eta izozkiak kasu.

Neurria Errege Dekretu bidez onartuko da eta 2022rako martxan jartzea aurreikusten da. Arautuko diren eremuei dagokionez, lege berriak telebistan, irratian, web orrialdeetan, sare sozialetan eta zinemetan erregulatuko ditu 16 urtetik beherako umeei zuzenduta dauden iragarkiak. Telebistaren kasuan, debekuak babes indartua duten ordutegietan eta adin txikikoei zuzendutako programetako publizitate espazioetan izango du eragina batik bat.

Alberto Garzon ministroak nabarmendu zuenez, haurrak eta nerabeak dira «pertsona ahulenak» eta, ondorioz, legearen bitartez, «epe labur eta ertainean zein helduaroan osasunari kalte handia» egin diezaioketen kontsumo ohituretatik babestu nahi dituzte.

Gehiegizko pisua

Hartutako erabakia azaltzeko agerraldian, Garzon ministro espainolak umeen artean gehiegizko pisua arazo gero eta ohikoagoa dela nabarmendu zuen: «Gehiegizko pisua eta obesitatea maila izugarri altuetara iritsi dira, eta betebehar publikoa da horiek jaistea».

Espainiar Estatuan bizi diren 6 eta 9 urte bitarteko haurren %23k gehiegizko pisua dute. Obesitatea dutenak, berriz, %17 dira egun.