Ane URKIRI ANSOLA
ALAVES

Bartzelonara, katalanen krisia sakontzera

Alavesi zein Bartzelonari aurpegia aldatu zaie azken astean. Bati onerako eta besteari, txarrerako. Arabarrak dira Camp Nouko lehiara hauspotuta iristen direnak eta katalanak, aldiz, burua ezin altxatu dabiltzanak. Taldeko entrenatzailea bera ere aldatu egin dute asteon. Koeman kaleratu eta Sergi Barjuanek hartu du behin-behinean kargua, kluba Xavi Hernandezen iritsiera ixten ari den bitartean.

Inoiz ez da jakiten zein den une aproposena Bartzelona bezalako talde bati irabazteko, baina gaurkoa horien artean egon daitekeenik ezin uka daiteke. Ez da duela asko Alavesek Camp Noun irabazi zuela (2016an, 1-2) eta, beraz, zaila bai baina ezinezkoa ez dela sinets dezake.

Javi Callejaren taldeak ezin hobeto bete ditu egin beharreko lanak azken bi jardunaldietan, Cadizen 0-2 eta Mendizorrotzan Elxen aurka 1-0 irabazita. Bi arerio zuzenen aurka irabaztea funtsezkoa zen arabarrentzat eta etxeko lanak ondo eginda heltzen dira Bartzelonara, galtzeko gutxi dutela. Jaitsiera postuetatik oraindik gertu egon arren, Alaves ez dago dagoeneko irabaztera derrigortuta. Siverak ordezkatuko du min hartuta dagoen Pacheco.

Bartzelonak, aldiz, irabazi beharra dauka azken bi porrotei buelta emateko. Pedri, De Jong, Braithwaite eta Araujoz gain, Ansu Fati eta Sergi Roberto ere min hartuta daude.