GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Jost Kobusch gaztea,bigarrenez, Everestenbakarka eta neguan

Duela pare bat urte, alpinista alemanak hiru etapetan egin nahi duen proiektua hasi zuen. Munduko mendigaraiena igotzeko mendebaldeko ertza aukera zuen, eta, ezustean, 7.400 metroko kota erdietsi zuen.


Duela pare bat urte, Jost Kobuschek 27 urte zituen ustekabean hedabideoi proiektu handi baten berri eman zigunean: Everest neguan eta bakarka igotzeko saiakera egitera zihoan. Aukeratutako bidea ere, zaila eta arriskutsua: mendebaldeko ertza. Helburua gauzatzeko hiru etapa aurreikusi zituen. Lehen etaparekin hasi baino lehen, zortzimilakoetan espezialista diren zenbait alpinistak gogor kritikatu zuten gaztea. Besteak beste, Reinhold Messnerrek. Alabaina, alemanak denak aho bete hortz utzi zituen; Lo Lha sekzio arriskutsua gainditu, mendebaldeko ertzean sartu eta 7.400 metroko kota erdietsi zuen Everesten.

Bada, egun Chamonixen bizi den gazteak aurreratu du bigarren etapa hasteko pronto dagoela; hain zuzen ere, Nepalera aste honetan abiatu da. Irten aurretik, aurtengo xedea azaldu du: «Espedizio honetako ‘helmuga’ 8.0000 metroko kota da. Gutxi gorabehera, Hornbein korridorearen sarrera han dago. Xede hori lortzekotan, aukera izango dut goialdeko sekzioak ikusi eta aztertzeko. Bertan ez da inor egon neguan. Informazio hori hirugarren etaparako oso lagungarria izango da. Azken finean, aurrekoan bezala, bigarren etapa honetan ere nire helburua ikastea izango da; hirugarrenean, berriz, behin betiko ekinaldia egingo dut».

Erabat autonomo

Neguaren lehendabiziko eguna abenduaren 22a izango da, eta Kobuschek aurreratu du egun horretarako Khumbuko glaziarrean egon nahi duela. Girora egokitzeko, berriz, igo gabe dauden seimilako batzuk aztertu ditu: «Fase horretan ahal dudan guztia disfrutatzen saiatuko naiz. Horrez gain, esan behar dut aurtengo espedizioarekin oso emozionatuta nagoela, pandemiarengatik iaz ez bainuen Everestera joaterik izan. Pena handia hartu nuen, baina onartu behar dut gogor entrenatzeko ondo baino hobeto baliatu nuela. Kirolari profesionala naizenez, Chamonixen eta inguruan asko eskalatu nuen».

Lehen etapan izan zuen eskarmentuari esker, hasiko duen espedizio honetan hainbat aldaketa egingo ditu. Hasteko eta behin, ohiko kanpaleku nagusian denda altxatu ordez, bidearen sarreran egingo du.

Kobuschek tresneria minimalista eramango du saiakerara: «Lho La sekzioan metro tekniko asko gainditu nituen. Tarte zailenak babesteko soka finkoak (130 metro) eramango ditut. Kanpalekuan sukaldaria eta biok egongo gara bakarrik».