GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Unai Laso da lehen finalista

Peio Etxeberria 1-5 aurreratu da hasiera indartsu batekin, baina hauspoa bete egin zaio eta ezin izan du ezer egin hortik aurrera.


LASO 22

PEIO ETXEBERRIA 8


Unai Laso da Lau eta Erdiko Txapelketako lehen finalista. Bizkarretako aurrelariak 22-8 menderatu zuen Peio Etxeberria atzo Labriten jokatutako finalerdian eta sasoi betean iritsiko da datorren azaroaren 14an Bilbon jokatuko den final handira. Aurkaria, Jokin Altuna edo Joseba Ezkurdia, gaur erabakiko da Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Azken emaitzak argi erakusten du atzoko neurketan Lasok izan zuen nagusitasuna, baina partidak izan zituen kontuan hartzeko hainbat gako. Hasieran, adibidez, Peio Etxeberria oso indartsu eta erasokor irten zen, eta markagailuan 1-5 aurreratzea lortu zuen.

Lehen sakea Lasori egokitu zitzaion arren, Etxeberriak airez erantzun zuen errestoan eta argi utzi zuen hil ala bizi jokatzera irten nahi zuela. Apustu hori ongi irten zitzaion lehen txanpa horretan eta tanto ederrak sinatu zituen, tartean bi gantxo ikusgarri sinatuz.

Laso, aldiz, bazirudien ez zegoela horren sartuta neurketan, eta sakearekin zalantza batzuk izan zituen. Etxeberriaren aldeko lehen partzialean, esaterako, sake bat motzegi atera zuen eta 1-5ekoarekin atsedena eskatu eta arnasa hartzea erabaki zuen.

On egin zion erabakiak, atseden horretatik bueltan Baikokoak hamabi tanto jarraian egin zituelako, 13-5 aurreratzeraino. Takada horren hasiera hemezortzi pilotakadako tanto luze eta gogor batek ekarri zuen, Lasok boleaz amaitu zuena (2-5). Etxeberria saiatu zen zetorrena aurreikusi eta atseden azkar batekin aurkariaren jokoa mozten, baina ez zuen helburua lortu.

Behin sakea hartuta, Laso sendo jokatzen hasi zen, akatsik egin gabe, eta Etxeberria aldiz fisikoki erabat akituta geratu zen, gorputzari buelta eman ezinik. Tantoak bata bestearen atzetik erortzen joan ziren gorri, eta Peio Etxeberria erabat joan zen partidatik. Azken txanpan, aipagarria Bizkarretakoak 19-8koan egin zuen horma-bikoa. Beste gantxo eder batekin eta zuzenean sakez egindako azken bi tantoekin itxi zuen 22-8koa.

«Oso pozik nago, batez ere hasiera zail bati buelta emateko gai izan naizelako. Ez da erraza horrela galtzen hasi eta gero buelta ematea. Dena ongi irten zait», adierazi zuen Unai Lasok partida amaieran. Partidaren bigarren erdian ezker oinean min hartu zuen, baina ez dirudi ezer larria. «Orpoan izan da. Mugimendu batean min hartu dut», azaldu zuen nafarrak garrantzia handirik eman gabe.