Iker BIZKARGUENAGA
COP26

G20koen akordioak ez ditu ezabatu beldurrak eta zalantzak

COP26 goi-bilera hastearekin batera, munduko herrialde aberatsenek erabaki zuten berotze globalak 1,5 gradukoa izan beharko duela gehienez. Nola lortu, ordea, ez zuten zehaztu.

Klima larrialdiaren aurkako milaka ekintzailek, ordezkari politikok eta 200 herrialdetako agintariek hitzordu garrantzitsua dute heldu diren egunetan Glasgown, COP26 gailurraren karietara. Parisen duela sei urte hitzartutako helburuak betetzearren konpromisoak zehazteko unea heldu da, eta ez dirudi lan erraza izango dutenik.

Goi-bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, COP26ko presidenteak berak onartu zuen hitzordu hau 2015ekoa baino «zailagoa» izango dela hainbat arlotan. «Pariseko akordioa zoragarria izan zen, historikoa, baina zerbait orokorra izan zen. Ordutik hona neurri zehatzak adostu behar ditugu, horietako asko oraindik zehaztu gabe baitaude sei urte beranduago. Hori erronka handia izango da», esan zuen Alok Sharmak Sky News telebista katean egindako elkarrizketan. Eta gaineratu zuen «kontu geopolitikoak» orduan baino gatazkatsuagoak izango direla.

Agian horren jakitun direlako, eta Glasgowko hitzordua porrot ageriko batekin bukatzeak izan lezakeen ondorioak neurtuz, G20 taldea osatzen duten herrialdeek akordioa erdietsi zuten Erroman egindako bileran.

Gehienez, 1,5 graduko berotzea

Iragan uztailean Ingurumen eta Energia ministroek lortu ez zutena erdietsi zuten atzo munduko herrialde aberatsenetako estatu eta gobernu buruek, COP26aren hasierara jarrera bateratuarekin heltzea, alegia. Horretarako, gau osoa negoziatzen eman zutela adierazi zuten G20ko iturriek, azkenean akordio batera heldu arte. Adostutakotik agian gauzarik nabarmenena, Lurraren berotzea gehienez 1,5 gradukoa izatea da.

«Pariseko Akordioan ezarritako helburuak eta planetaren batez besteko berotzea bi gradutik askoz beherago mantentzeko eta 1,5 gradura mugatzeko ahaleginak berresten ditugu», dio hedabideei helarazitako dokumentuak. Horrekin batera, G20ak erregai fosilei ematen zaizkien laguntzak ezabatu edo gehiago mugatzeko konpromisoa hartzen du, baita beste herrialde batzuetan ikatz energia zentralak ez finantzatzekoa, horiek baitira gehien kutsatzen dutenak.

Horiek hala, kontuan izanda Donald Trump Etxe Zurira heltzean AEBek Pariseko Akordioa utzi zutela, eta iragan uztailean Txinak eta Indiak uko egin ziotela berotze globalaren muga 1,5 ezartzeko proposamena onartzeari, Erroman onartutakoa aurrerapausotzat jo daiteke. Baina zenbaterainokoa den ikusteko ñabardurei begiratu behar zaie, ez baitira nolanahikoak.

Izan ere, dokumentuan aipatzen da ekonomiaren deskarbonizazioa «mendearen erdialde inguruan» burutuko dela, eta ez da, Pariseko Akordioak zehazten duen bezala, 2050eko data aipatzen. Kontuan hartu behar da, gainera, helburua 2050ean jartzeak, oraindik hiru hamarkada falta direnean, konpromiso maila lausotu egiten duela eta, Unai Pascual BC3ko Ikerbasqueko irakasleak atzo orrialde hauetan aipatzen zuenez, konpromisoak 2030era begira zehaztea askoz hobea izango litzatekeela. Beraz, 2050eko data ez erabiltzea eta mendearen erdialdea zehaztasunik gabe aipatzea atzerapausoa dela pentsa daiteke.

Bestetik, helburuak lortzeko hartuko diren neurriak «nazio bakoitzaren egoeraren araberakoak» izango direla esaten da, eta horrek bide eman diezaieke batzuei bidean aurrera ez egiteko edo motelago ibiltzeko. Beharbada, ñabardura hori ezartzea ezinbesteko baldintza izan da herrialde guztien oniritzia jasotzeko, auzi honetan eztabaida baitago herrialde garatuenen eta garapen bidean daudenen artean bakoitzak berotze globalean duen ardurari eta egin beharreko ahaleginari buruz.

Ildo horretan, garapen bidean dauden herrialdeei eman beharreko laguntzek ere garrantzi handia dute. 2009an, Kopenhagen egindako goi-bileran, herrialde aberatsek garatze bidean daudenei urtero 100.000 milioi dolar emango zietela erabaki zen, azken hauek klima larrialdiari aurre egiteko behar dituzten inbertsioak egin ditzaten, baina ez da konpromisoa bete. Atzo, konpromiso hori berretsi zuten, baina ikusteko dago hemendik aurrera betetzen den.

«Inflexio puntua»

Ikusteko dago ere ia bi asteko goi-bilera honek zer ematen duen Glasgown, baina Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek oso argi utzi zuen unearen garrantzia. «Ozeano sakonetatik mendien gailurretara, mundu osoko ekosistemak eta komunitateak birrinduak izaten ari dira; COP26-k inflexio puntu bat ezarri behar du pertsonentzat eta planetarentzat», adierazi zuen.

Nabarmendu zuenez, «zientzialariak argiak dira beraien baieztapenetan; orain, politikariak zientzialariak bezain argiak izan behar dira euren ekintzetan. Atea zabalik dago, orain da ekiteko ordua», gaineratu zuen, eta «anbizioarekin eta elkartasunez» aritzeko deia egin zuen, «gure etorkizuna babesteko eta gizateria salbatzeko». Hori baita, azken finean, jokoan dagoena.

2015-2021 epean inoiz neurtutako tenperatura altuenak izan dira

Urrira arte, 2021. urtea 1,09 gradu beroagoa izan da, aro industriala hasi baino lehenagoko tenperaturarekin alderatuz. Ez da, beraz, urterik beroena izango, baina bai beroenetakoa, Munduko Meteorologia Erakundeak atzo emandako datuen arabera.

Horrela, 2015-2021 epea berotsuena izan da munduko tenperatura neurtzen denetik. Datu horiek azken urteetan adituek iragarritakoa baieztatzen dute, eta ageriago uzten dute berotze globalari aurre egiteko neurriak azkar hartzea ezinbestekoa dela.

Argi dago, alde horretatik, orain arte egindakoa ez dela nahikoa izan, eta, adibidez, berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa ez dela behar beste mugatu. Izan ere, Meteorologia Erakundeak berak azaldu du 2021ean iaz baino gas gehiago isuri dela, eta asko esatea da hori, 2020an inoiz baino gehiago isuri baitzen, nahiz eta pandemia egoeran egon.

Gainera, 2013tik aurrera itsasoaren maila abiadura handiagoan igo dela baieztatu du Munduko Meteorologia Erakundeak, eta gaineratu du aurten igotzen, berotzen eta azidifikatzen jarraitu duela.

Horrek guztiak egungo belaunaldiengan eta ondorengoengan berebiziko eragina izango duela eta mundua ikertu gabeko eremu batean sartzen ari dela ondorioztatu du aipatu erakundeak, atzo Glasgown aurkeztutako txostenean.GARA

Sortuk «ekozidioaren» erantzuleak agerian utzi ditu

COP26 goi-bileraren aurrean, Sortuk Euskal Herrian krisi ekologikoa areagotzen duten enpresa eta azpiegiturak ezagutarazteko kanpaina abiatu du, eta «puntu beltz» horien aurrean indar abertzaleko hainbat kidek argazkiak atera dituzte “Ekozidioa gelditu” leloa daraman kartela erakutsiz.

Klima larrialdiak gizarte-eredu berri bat planteatzera behartzen gaituela uste du Sortuk, «izan ere, sistema kapitalistak bilatzen duen garapen infinituak kale egin du muga finituak dituen planeta honetan». Horregatik, bestelako eredu iraunkorrago bat eraiki behar dela adierazi du.

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenak eredu kapitalistari egotzi dio klima aldaketaren ardura eta ohartarazi du ez dela jasangarria. «Premiazkoa da ekoizpen eta kontsumo eredua errotik aldatzea. Euskal Herrian eragiten dugun aztarna ekologikoaren arabera, kasik hiru planeta beharko genituzke bizirauteko. Zalantza izpirik gabe, guri Euskal Herritik eragitea dagokigu», nabarmendu du Sortuk, eta gogora ekarri du borroka ekologistak «ibilbide oparoa» izan duela Euskal Herrian, gaineratuz «etorkizun hurbilean ere erronka garrantzitsuei» aurre egin beharko diela, «nahiz eta estaturik ez izan, nahiz eta aldaketa horiek gauzatzeko baliabide nahikorik ez izan». «Burujabetza ezinbestekoa zaigu alor honetan ere», dio alderdi abertzaleak.GARA