A.A.
PILOTA

Garaipen baliotsua eta lehen finala Zubizarretarentzat

ZABALA 17

ZUBIZARRETA III.A 22


Iraitz Zubizarreta izango da Joanes Bakaikoaren aurkaria datorren igandean jokatuko den Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finalean. Ataungo aurrelari gazteak 17-22 menderatu zuen Javier Zabala Logroñon; balio handiko garaipena, aurrean zuen pilotariaren maila kontuan hartuta.

Izan ere, Javier Zabalak argi erakutsi zuen atzo ere abiaduraz eta indarrez ez duela maila nagusiko pilotarien inbidiarik. Pilota oso bizi mugituz, neurketa hasiera bikaina sinatu zuen errioxarrak eta markagailuan 10-3 eta 13-5 aurreratu zen.

Lehen tantoetan saketik bi falta egin zituen arren, ez zen gaizki ari Zubizarreta III.a, gogotik saiatu zen tantoak aurrean nahastu eta Zabalari jokoa zailtzen, baina hasiera horretan Aspekoak ez zuen ia akatsik egin eta ez zion inolako aukerarik eman gipuzkoarrari.

13-5eko horren ondoren, ordea, egoera nabarmen aldatu zen. Nekearen erruz, edo eskuina mindu zitzaiolako –Miguel Muntion botileroari aipatu zionez–, Zabalaren mailak behera egin zuen eta Zubizarreta gero eta aukera gehiago izaten hasi zen. Ataundarrak asmatu egin zuen sakearekin –guztira bost tanto egin zituen lehen pilotakadarekin– eta Zabalari sufritzea tokatu zitzaion.

Lehen partzial horretan bost tanto egin zituen jarraian Iraitzek, 13-10 hurbiltzeko, eta hurrengoan, zazpi izan ziren, partidan lehen aldiz aurretik ipini eta 14-17 agintzera pasatzeko. Gipuzkoarra gozatzen ari zen kantxan eta Zabala ezinean.

Tanto solteren bat gorabehera, Zubizarretak sendo jarraitu zuen azken unera arte eta amaieran emaitza 17-22koa izan zen, profesional mailako bere lehen finalerako sailkatuz.

«Nire ibilbideko partida sufrituena izango zen, onena agian, eta poz handiena eman didana, nire lehen finala izango delako. Hasieran ere ez nintzen gaizki sentitzen, baina badakigu nik baino kolpe handiagoa duela eta sufritzea tokatu zait. Baina gero uste dut nekatu egin dela, eta aukera gehiago izan ditut».