GARA
PILOTA

Laboral Kutxa Masterra indartsu hasi da Gasteizen eta Gordexolan

Urte eta erdi luze itxaron ondoren, bazen lau eta erdiko Laboral Kutxa Masterreko pilotarien jokoarekin gozatzeko gogorik, eta kirolariek dena eman zuten Gasteizko Ogetan eta Gordexolan txapelketari hasiera eman zion jardunaldi bikoitzean. Ilusioa, urduritasuna, kalitatea, tantoak, akatsak, emozioa… asteburuko pilota maratoian pilotazaleek osagai horiez guztiez gozatu zuten, luzaroan horien falta nabaritu ostean.

Larunbatean, Ogetan, hastapeneko pilota goxoko hamasei partida jokatu ziren, maila orokor oso onarekin eta etorkizun ez oso urrunean pilota mistora jauzi egiteko maila baduten hainbat pilotariren jokoa azpimarratuz. Aiala Uriarte, Lide Lopez, Irene Azkona, Arantxa Arratibel, Alba Xiaoqui eta Eider Zubizarreta izan ziren Gasteizen jokatutako triangeluar ezberdinetan hurrengo kanporaketarako sailkatu ziren pilotariak.

Igandean pilota goxoko lehen mailako eta pilota mistoko promesen mailako lehen kanporaketak jokatu ziren Gordexolan. «Oso giro polita bizi izan genuen goiz osoan», azpimarratu dute antolatzaileek, pilotazale ugari ibili baitziren pilotarien bilakaerak gertutik jarraitzen.

Maila orokor onaren barruan, Irati Zabalak egindako lanak aipamen berezia merezi du, asteburuko nabarmenetakoa izan zelako, eta azpimarra egin behar zaio ere Leire Galeanok eta Ana Belmonte errioxarrak pilota mistoarekin debutatu izanari Laboral Kutxa Master honetan, gozoarekin emaitza oso onak lortu ondoren, materiala aldatzera animatu baitira.

Master txapelketa honen hurrengo jardunaldia Ortuellan jokatuko da datorren igandean.