Asier AIESTARAN
PILOTA

Saria Bakaikoaren lanari

Etxarriarra freskoago iritsi da 402 pilotakada izan dituen finalerdi itogarriaren azken txanpara.

DARIO 20

BAKAIKOA 22


Joanes Bakaikoa izan zen Lau eta Erdiko Promozio Txapelketako finalerako sailkatutako lehen pilotaria, Logroñoko Adarraga pilotalekuan Dario 20-22 menderatuta. Partida oso gogorra izan zen, 402 pilotakada guztira, eta lehia itogarri horren azken txanpan aurrelari nafarra hobeto moldatu zen.

Neurketak bi estiloren talka zirudien, ligaxkan partida guztiak irabazita zegoen Darioren abiadura, Bakaikoaren defentsa eta sendotasunaren aurka. Eta lehia horretan argi eta garbi irten zen garaile etxarriarraren apustua.

Hasieratik ikusi zen norgehiagoka ez zela izango Dariok amestutakoa. Errioxarra lehen errestoan airez sartu zen arren, tantoak oso gogorrak eta piloteatuak izan ziren lehen unetik. Materialak ere horretara eraman zuen, jartzeko denbora ematen zutelako pilotek, eta Dariori laneko buzoa ipintzea besterik ez zitzaion geratu.

Eta borroka horretan kolpe asko egon zen arren, bietako inor ez zen erabat erori. Bakaikoak abantaila batzuk izan zituen lehen erdian, 6-8 eta 8-10ekoan esaterako, baina Dariok aurrea hartu zuen gero: 13-10, 19-16 eta 20-18 aurretik egon zen.

Epaileek ere eman zuten zeresana. Bakaikoaren 14-14koan, esaterako, nafarrak bigarren botean eraman zuen nabarmen pilota bat, baina epaileek ontzat eman zuten jokaldia eta azkenean tantoa Baikokoarentzat izan zen. Azken txapan, berriz, etxarriarrari abisua eman zioten aurkariari traba egiteagatik, nahiz eta ez zioten tantorik kendu, Darioren haserrerako.

Kontu horiei jaramonik egin gabe, Joanesek lanean jarraitu zuen beti bezala, eta gai izan zen 20-18koari buelta emateko. Lau tanto jarraian egin zituen eta datorren igandean Promozioko kaiolako finala jokatuko du bigarren aldiz, 2018an txapeldun izan baitzen.

«Partida oso gogorra izan da. Lesiotik atera nintzenetik jokatu dudan gogorrena. Kantxan ez naiz batere eroso sentitu, jarri ezinik ibili naiz, eta pentsatu dut lanean jarraitu behar zela. Horrela egin dut eta pozik nago ez dudalako amore eman», adierazi zuen Bakaikoak.