GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Armaginen erreakzioa aztertuko du Oviedok


EIBAR - OVIEDO

Bolada ona amaitu eta hiru egunera erreakzionatzeko aukera du Eibarrek. Oviedok egingo dio azterketa bere gaitasunari. Eta ez da azterketa erraza izango, Kuko Zigandaren taldeak goranzko ibilbideari ekin baitio azken jardunaldiotan.

«Ia aurkari guztiek jokatu dute gure kontra beren unerik onenean –aitortu du Gaizka Garitanok–. Oviedo ere gorantz doa, Kukok lan bikaina egin du eta talde erregularra da, ez du egun txarrik». Baikorra da, hala ere, entrenatzailea, «ondo» ikusten baitu taldea eta normaltzat jotzen baitu bolada ona amaitzea. «Bagenekien egunen batean amaituko zela», esan du. Gainera, Eibar «Ipuruan gustura eta jokoz ondo» dagoela gogorarazi du, «aurkari handien kontra partida onak egitetik» datorrela azpimarratuz.

Fernando Llorente, azken fitxaketa, deialdian egongo da. Aurrelaria oraindik ez dago prest jokatzeko, baina Garitanok taldearen «dinamikan sartu» nahi du.