NOV. 05 2021 AZKEN PUNTUA Bakoitza berean Pello Zabala Eguraldian aditua Mendi eta mendixka, baso bete eta basoxka arinago, arboladi lasaiagoak nahiz itxi eta estuagoak, azal ederrez landu eta beteak, ez batere saretu eta arinduak, halakoxeak dira gure inguru alai eta bixiak, koloretsu bezain itxiak. Egia da, mendi zerrenda luzexka eta altuentxo hauek, harkaitz maila zurixka baten hezurtegi gogor argixka dutela. Baina, alde batetik bestera, zuhaitz eta arboladi, kolore argixka eta ilunagotan, eskaintza bete eta aberatsagorik ematen digute. Noski, eskaintza eta erregali betean emana, luze eta segidoan eskaini ohi zaigu: goizeko argialdiak, dakien erara, gaueko ilunetik xumeki erakutsiz, oso apurka eta geldiro, eguraldiaren eratara eta laguntzetara makurtuz. Izan ere, egunaren argi xumea, argi-ilunaren itzalean ere, lagungarriago egiten baitzaigu aire garbi eta lehorraren tenple sendo eta argi hori. Ilunagoaz janztean ere, asko zikintzen baitzaio aire bustiak berak, zikin punttua jantziz, erantsi ohi den muztioaren umelera jotzean. Detaile zehatzak, hostotxo aberatsen ikuspegia zabalduz gero, hainbeste baitira orrien formak eta tamainak, beste hainbeste margo eta tonutxu aberatsak, eta zenbat, berriz, egoera eta kokagune nabarmentxoa egokiturik dutenak! Zuhaitzaren azpialdea edo goiko gain argitsuagoa guztiz diferenteak baitira goizeko orduen edo arratsekoen arabera ere. Noski, eguzkiak eta itzalak ere bere firma propiala baitute: egunero, terkotxo hantxe hainbeste minutu segido erantsita… pentsa zenbateko suabe bezain luze aspergarria damaioten!