GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Onenen artera itzultzera

Bakaikoak eta Zubizarretak berriro lehen mailako kaiolan aritzeko aukera izango dute jokoan Altsasun.


Txapela bai, baina bereziki datorren urtean onenen artean jokatzeko aukera izango dute jokoan Baikoko Joanes Bakaikoak eta Iraitz Zubizarretak igandean Altsasun, Etxarri-Aranatzen eta Ataunen arteko erdiko puntuan gutxi gorabehera. Bide oso desberdinetatik, nafarrak 2018ko Promozioko txapela jantzita eta goierritarrak grebaren testuinguruan debutatu berritan Bakaikoa berari atarikoan Bergaran 14-22 irabazita, biek ere badakite lehen mailan aritzea zer den eta errepikatzeko irrikaz dira.

Esperientzia Sakanako aurrelariaren alde dagoela esan genezake, bere Promozioko laugarren finala izango baitu igandekoa. Ataundarraren kasuan, aurrenekoa izango da. Zubizarretak argi du bere iazko parte hartzea egoera oso berezi baten testuinguruan ulertu behar dela eta, profesionaletan horren denbora gutxian jokatuta, hauxe dela bere benetako maila. Hori bai, bere lehen finala irabazita beste urrats bat eman nahi du.

Joanes Bakaikoaren kasua oso bestelakoa da, profesionaletan bosgarren denboraldia ari baita jokatzen dagoeneko eta su askoz geldoagoan egositako pilotaria baita. 2018a izan zen bere urterik onena, Promozioko buruz buruko bi txapelak jantzi baitzituen finaletan Peñari –22-16 kaiolan– eta Erasuni –22-17 kantxa osoan– irabazita. Ordutik aurrera, ordea, bere garapena dezente geratu da, besteak beste, martxoan izandako belauneko lesio larriaren ondorioz.

Jokoz ere, pilotari desberdinak dira biak, erasokorragoa eta airez gehiago jokatzen duena Zubizarreta eta defentsa lanetan trebeagoa Bakaikoa. Hori bai, biak finalerdietan partida gogor eta zailak irabaztetik datoz, faborito garbiak ziren Darioren eta Zabalaren aurka. Bakaikoaren kasuan, gainera, polemika handi xamarrarekin, Dariori zenbait tantotan traba egin ziolakoan. Etxarriarrak, egitekotan, nahi gabe egindakoak izan zirela esan zuen.