Arnaitz GORRITI
BITCI BASKONIA

Lamar Peters gabe ere, Maccabi menderatzera

Ez dago errepikatu beharrik Bitci Baskoniaren egoera zein den azkeneko lau neurketak galdu ostean. Astean zehar Lamar Peters antolatzailea fitxatu dute gasteiztarrek, eta beste jokalari bat gehiago izatea albiste ontzat jo beharko da... nahiz eta gaur gauean ez duen Maccabiren aurka jokatuko.

«Gauden jokalariak gaude eta gaudenak borrokatu beharko gara», adierazi zuen atzo Dusko Ivanovicek partida bezperako prentsaurrekoan. Erantzun hori hegal-pibot postuan Costellorekin eta Sedekerskisekin batera besteren bat ekartzeko esperoan ote zegoen galdetu ziotenean bota zuen, baina antolatzaile berria falta delako ere beste hainbeste esan liteke, Ivanovic ezagututa.

«Joan den astean partidak galtzea baino askoz okerragoa den zerbait egin genuen: burua makurtu genuen. Galtzea beti da posible, baina burua makurtzerik ezin dugu onartu. Talde honek ez du sekula bururik makurtzen!», azpimarratu zuen Montenegroko entrenatzaileak.

«Beste ezer baino lehen, sinetsi egin behar duzu. Lehendabizi, zure buruarengan, eta gero jokalariengan. Ez baduzu zure buruarengan federik, akabo», gaineratu zuen Ivanovicek, «joan den astean erakutsi genuena baino hobeak» direla behin eta berriz errepikatuz.

Gakoa, defentsan asmatzea

Maccabik Gasteiza egin dituen azken bi bisitaldietan irabazi egin du. Pandemia bezperetan, 83-113, sekulako astindua eman zion Perasovicek zuzentzen zuen Baskoniari. Iazko abenduan, berriz, 63-67 nagusitu zen.

«Ia 90 puntu egiten ditu Maccabik partidako; guk, oraingoz, ez. Defentsa da, beraz, gakoa. Bat-baten aurkako edo bi biren aurkako jokaldiekin amaitzen dituzte eraso asko. Bada, buruz buruko defentsa indibiduala, inoiz baino hobea izan beharko da», esan zuen Ivanovicek.

Maccabiren etorrerak, «Israelgo erregimenaren kirol enbaxadore» den heinean, bestelako erreakzioak ere sortu zituen atzo Gasteizen. Gaitzespena adierazi eta sionismoaren aurka elkarretaratzea egin zuen BDZ Boikota, Desinbertsioak, Zigorrak mugimenduak Andre Mari Zuriaren plazan.