NOV. 08 2021 GUTUNAK AHT-ren alde itsu-itsuan ENEA ANDUEZA OTSOA Aurrekontuak eta horien bidez politikariek ase nahi omen dituzten jendartearen beharrak komunikabideetan bolo-bolo dabiltzan garai honetan, plazara atera beharra dugu beste behin ere agintariek burua lehengo lepotik dutela salatzera. Nafarroak bere zor publikoa bider hamabost handitu du azken urteotan eta jendartea berreraikitzeko ei ziren covid osteko funtsetatik Nafarroara bideratutakoen 145 milioi euro AHTren «nafar korridorea» eraikitzen jarraitzeko erabili nahi dira. Hori gutxi ez, eta orain eztabaidatzen ari diren Estatuko aurrekontuetatik ere 52 milioi euro, Nafarroara bideratutako kopuru osoaren %55,2 ere, AHTren «nafar korridorearen» eraikuntza ordaintzeko erabiltzea proposatu dute. Aurreko biak, jakina, Nafarroako agintarien oniritziarekin eta interes orokorraren izenean, interes orokorra zein den jakiteko benetako prozesu parte-hartzaile gardenik inoiz zabaldu ez badute ere. Ikusten ari garenez tematuta eta itsu-itsuan ari dira AHT gauzatu nahian, beste leku askotan bezala, «euskal Y»-a esaterako, nahiz eta abiadura handiko proiektuak aztertu dituen txosten bakar batek ere ez dien aurkitu jasangarritasun sozialik, ekonomikorik edo ingurugiro jasangarritasunik (ikusi, adibidez, Europako Kontu Auzitegiaren ondorioak, AIREFen txostena edo A. Kortazar, G. Bueno eta D. Hoyos EHUko irakasleen txostena). Munduko eta bertako egoerak erabakigune politikoetan aldaketak ekarriko zituen itxaropenik balu inork, jakin dezala, egun, lehengo pentsatzeko moduari eusten dioten proiektu eta politikak direla lehentasun: etengabeko eta kosta ahala kostako mozkinak eta gutxi batzuen onurarako bizimodua, horien artean nabarmen AHT. Epe motzera begirako pentsamendua dute ardatz, baina ez daude orainean txertatuak, AHT bezalako azpiegiturek bizi sistema osoarengan eragiten duten kaltearen oharmenik ez baitute. Horregatik eta zoritxarrez, gure aldarrikapen zaharrak oraindik ere funtsezko izaten jarraitzen du: AHT gelditu orain!! Zenbat eta lehenago, hobeki.