Surflari ernegatua

Dekalogoa

Espainiako Surfrider sigiluarekin hamar puntuz osatutako adierazpena argitaratu da euskaraz. Surflari orok puntu guztiekin ados egon eta esfortzu handirik gabe proposatzen diren jarraibideekin bat egiteko inongo arazorik suposatu beharko ez lukeen dekalogo bat da.

Ingurugiroaren arazoari funts politikoa kentzen zaion heinean norberaren kontzientzia garbitzeko bitarteko egoki bat izan daiteke eta helburu zehatzik ezean eraginkortasunik izango ez duen borondate oneko beste ekintza baten traza hartzen diot, baina hala eta guztiz ere puntu batzuetan ausarta iruditu zait.

Hona dekalogoa: «Bat. Uretatik ateratzean aurkitutako hondakinak bildu. Bi. Saio bakoitzean autoa norbaitekin partekatzen saiatu. Hiru. Ura edateko botila berrerabilgarri bat erabili. Lau. Material gutxiago, iraunkorrago eta jasangarriagoa erosi. Bost. Arrantza jasangarritik eratorritako arrainak jan. Sei. Hondartzetako zabor bilketetan, eta dragen edo kai-muturren aurkako ekintzetan parte hartu. Zazpi. Hegazkinez gutxiago bidaiatu, eta helmugan gutxienez 15 egunez egon. Zortzi. Bidaiatzen duzun leku guztietan tokiko ekonomiari eta naturari lagundu. Bederatzi. Ez erabili ura, energia edo ekosistemak hondatzen dituzten olatu artifizialen igerilekuak. Hamar. Uretako motoa soilik arrisku handiko baldintzetan erabili eta arraunean ari diren surflarien lehentasuna errespetatu».

Zinez dekalogo interesgarria iruditzen zait, irudikari kolektiboa zertan den garbi azaleratzen baitu. Hori da maila, baina surflariei dagozkien ardurak ez ekiditeko deia ere egiten die. Naturari kalte gutxiago egiteko ekintza eraginkor bat proposatzearren, nik honako puntua gehituko nioke dekalogoari: «Ez ezazu gehiago PNVren alde bozkatu».