Imanol CARRILLO
PILOTA - LAU ETA ERDIKO PROMOZIOKO FINALA

Zuzentasunaren bidetik

Bakaikoak oso serio jokatu du finala eta, 11-0ko partzial batekin, Zubizarretari irabazi eta txapela jantzi du berriro hiru urteren buruan.

BAKAIKOA 22

ZUBIZARRETA III.A 10


Munduak, eta kirolak bereziki, buelta asko ematen ditu. Hiru urte geroago, Joanes Bakaikoa berriro igo da podiumeko lehen postura, eta hirugarren txapela eskuratu du. Atzo, Altsasuko Burunda pilotalekuan –iragan urriaren 8an, Lehen Mailako pilota jaialdia hartu zuen bi urte igaro eta gero, eta atzo zilarrezko finala hartu zuen–, Lau eta Erdiko Promozioko finalean 22-10 irabazi zion hasiberri-saria sufritu zuen Iraitz Zubizarretari.

Ez zen aparteko partida izan, baina Etxarri Aranatzeko aurrelariari egoki eta zuzen jokatzeak balio izan zion txapela janzteko. 7-7ko berdinketaren ostean apurtu zuen neurketa nafarrak, izan ere, 11-0ko partzial ikaragarri batekin markagailuan aldendu, aurkaria urduri ipini eta garaipena erdietsi zuen etxetik oso gertu dagoen pilotalekuan.

Finalaren hasieran urduritasuna nabaritzen zitzaien bi pilotariei. Are gehiago, Iraitz Zubizarreta aritu zen hobeto lehen tantoetan. Gipuzkoarrak asmoz bidaltzen zituen pilotakada guztiak bere lehen finalean. Bakaikoak, aldiz, ez zuen asmatzen errematean. Gantxo batzuk egin zituen, baina Zubizarreta bertan zegoen ondo kokatuta.

Estrategia aldaketa bikaina

Hala ere, Etxarri Aranatzeko pilotariak esperientzia handiagoa zuela erakutsi zuen eta 4-1 ipini zuen markagailua jokoa gogortuz, berari gehiago interesatzen baitzitzaion. Ez hori bakarrik. Estrategia aldatu zuen, bere botilero Jon Mariezkurrenak aholkatuta. «Jonek esan dit txokotik txokora jotzen banuen min handia egingo niola. Zorionez, hala egin dut eta min handia egin diot», aitortu zuen Bakaikoak partidaren amaieran.

Zubizarretak launa berdintzea lortu zuen, baina aurkaria segituan aurreratu zen berriro ere tanto eder bati esker. Nafarrak dejadaz erantzun zion gipuzkoarraren beste dejada bati.

Partidako momenturik orekatuena izan zen honakoa, baina 7-7koaren ondoren, Joanes Bakaikoak guztiz apurtu zuen partida. 11-0ko sekulako partziala lortu zuen (7-7tik 18-7ra), tartean polemikarako unea izan zuen tanto bat egonda –Zubizarretak huts egin zuen bi pareta saiatzerakoan, baina lehenago Bakaikoaren sakean zaleak kexatu egin ziren falta izan zitekeelako–.

Ataundarrari kostatu egin zitzaion berriro sakea lortzea. 18-8koa egin zuen, ezker gantxo ederrarekin aurkariaren erasoei ondo eutsi ondoren. Baina alde handiegia zen. Bakaikoak tantoen iniziatiba hartzen jarraitu zuen, hasieratik zuen helburuetako bat izanda –hala aitortu zuen partida amaitzerakoan– eta 21-9raino heldu zen.

Hor, ordea, larunbatean Joseba Ezkurdiari Peio Etxeberriaren aurkako Lehen Mailako hirugarren posturako partidan gertatu bezala, falta egin zuen sakez Etxarri Aranatzekoak, nolabaiteko suspensea emateko.

Baina garailea aspalditik erabakita zegoen. Zubizarretak sakez asmatu egin zuen 21-10ekoa ipintzeko, baina bere azken huts batek txapela eman zion telebista aurrean oso emozionatuta agertu zen Joanes Bakaikoari.

Ez da gutxiagorako. «Hau oso-oso garrantzitsua eta polita da. Momentu txarrak pasatu ditut. Zalantzarik gabe, ez dago esan beharrik, baina gurasoei eskaini nahi diet dudarik gabe. Beraiek badakite pasatu dudan guztia eta beraientzat da», aitortu zuen Baikoko aurrelariak.

Gainera, txapel honek beste sari bat dakar: datorren urteko Lehen Mailako Lau eta Erdikoa jokatzeko aukera izango du nafarrak. «Hori sari ona eta garrantzitsua da. Nik niregan sinisten dut eta sinistu egin dut bolada txarretan ere», amaitu zuen txapeldun berriak.

Atzo botilero izandako Jon Mariezkurrenak ere harengan sinistu zuela erakutsi zuen. Baikokoa partidan hain ondo sartuta ez zegoenean, atzelariak jakin zuen estrategia aldatzen eta pilotariari jakinarazten. «Eskutik bizi ateratzen zitzaidan pilota eta sentsazio oso onak nituen, baina hankez ez nengoen hain fresko. Hor huts batzuk egin ditut oinak ongi ez finkatzeagatik», adierazi zuen Bakaikoak.

Datorren igandean Bilbon, Lehen Mailako finalean, Mariezkurrenak Unai Lasorekin errepikatuko du botilero lanetan. Sari bera lortuko al dute?

Tolosa, Aimarren azken-aurreko geltokia

Bere ibilbide profesionalean Aimar Olaizolak inoiz ez du trena pasatzen utzi. Aurrean jarri zaizkion oztopo eta helburu gehienak gainditu eta lortu ditu aurrelari nafarrak. Gaur azken-aurreko geltokira iritsiko da Baikoko pilotaria, eta Tolosako Beotibar pilotalekuari eta bertako pilotazaleei agur esateko aukera bikaina izango du, datorren larunbatean, Goizuetan, etxean, pilotari ibilbide profesionalari betiko agur esan aurretik.

Mariezkurrena II.arekin batera, Bengoetxea VI.a-Albisu bikotearen aurka arituko da Olaizola II.a bere azken astelehenean. 16.30ean hasiko den jaialdiaren bigarren partida izango da agurrekoa, Jakak eta Artolak Lau eta Erdian jokatuko dutenaren atzetik. I.C.