GARA
PRAGA

Gobernu ituna Pragan, «Pandoraren paperetan» ageri den Babisen aurka

Txekiar Errepublikak Gobernu berria izango du, bi koaliziok (bost alderdik) akordioa sinatu ondoren.

Urriaren 10eko hauteskundeetan hautatua izan zen Parlamentu berria atzo eratu zen eta eguna gobernu-akordioa sinatzeko baliatu zuten boto gehien lortu zituen Spolu (Batera) zentro-eskuineko koalizioak eta Piraten eta Alkateen koalizio liberal-progresistak.

Spoluk botoen %27,8 eskuratu zituen, Andrej Babis orain arteko lehen ministroaren ANO Hiritar Atsekabetuen Alderdiak baino puntu eskas bat gehiago.

ANOk 72 eserleku lortu zituen, Spoluk baino bat gehiago, baina azken honek Piraten eta Alkateen koalizioak jasotako 37ekin (botoen %15,6) gehiengo osoa izango du (200 eserlekuetatik 108).

Gauzak horrela, berez 34 eserleku baino lortu ez zuen Spolu koalizioko ODS alderdi kontserbadorearen burua, Petr Fiala, izango da lehen ministro berria.

Spoluk hamar ministerio zuzenduko ditu; horien artean, Finantzak, Lanak, Ongizatea, Osasuna eta Justizia.

Piraten eta Alkateen koalizioak zazpi ministerio izango ditu; esaterako, Kanpo Arazoen eta Europar Batasunaren inguruko ministerio berria.

Babis lehen ministro ohia “Pandoraren paperetan” azaltzen da, bere dirutza eta inbertsioak paradisu fiskaletan babesteagatik. Horrek ez ditu ez bera ez bere alderdia kaltetu; aldiz, gogotik ordaindu dutenak haren gobernua babesten zuten komunistak eta sozialdemokratak dira.

Milos Zeman presidentea, Babis bezala Errusiaren aldekoa, ospitalean da urriaren 10etik eta mediku azterketak karguan jarraitzeko gai ez dela dioenez, ezingo du aldaketa oztopatu.