GARA
BELAR HOC

Kopako lehen kanporaketa jokatuko du gaur Realak

Egara Club talde katalana izango du aurkari Bartzelonan. Biharko finalerdietan izatea da lehen helburua.

Belar-hockeyko emakumezkoen Realeko espedizioa atzo bertan abiatu zen Bartzelonarantz. Izan ere, talde gipuzkoarrak gaurtik igandera arte Kataluniako hiriburuan jokatuko den Kopako edizioan parte hartuko du. Donostiarrek Egara Club taldearen aurka jokatuko dute gaur final laurdenetan, ustez oso parekatua behar duen neurketa bakarreko kanporaketan.

Ez dago finalerdietara sailkatzeko faborito argirik. Izan ere, aurtengo Ligako azken aurrekariak talde bien arteko parekotasuna erakusten du. Elkarren aurka jokatu zuten dema hartan katalanak oso gutxigatik gailendu ziren, azken jokaldian berdinketa hautsi baitzuten, bi taldeen arteko berdintasunaren erakusgarri zintzo.

Reala, Ivan Lorentek entrenatutako taldea, presiorik gabe eta ahalik eta ondoen aritzeko gogoz iritsi da, beraz, Bartzelonan jokatzen den Kopa honetara, nahiz eta finalerdietara pasatzea duen xede. Hala egingo balu, emaitza bikaina izango litzateke Realarentzat, inolako zalantzarik gabe.

Realak eta Egara Clubek jokatuko duten neurketa izango da Kopako azken faseko lehenengoa; gaur 11.00etan hasiko da eta Teledeporte telebista kateak zuzenean eskainiko du, gainera.

Sailkatzen ere, lanak

Realak Kopa jokatzeko txartela azkenengo ordura arte ezin izan du lotu. Pasa den asteburuan bana berdindu zuen UD Taburiente taldearen aurka. Bada, emaitza horri esker eta gainontzeko neurketetako emaitzek mesede egin zietelako lortu zuten Koparako sailkatzea donostiarrek.

Finalerdietara sailkatuz gero, Realak Sant Cugat del Valleseko Junior taldearen –Kopako egungo txapelduna– eta Real Club de Polo taldearen arteko kanporaketaren garailea izango luke aurrez aurre. Bartzelonako taldea da faborito. Hasteko, porrotik ezagutu gabe igaro duelako ligaren lehen erdia, eta, gainera, talde golegileena ere izan delako (31 gol). Golegilerik onena, berriz, Florencia Amundson da, zortzi gol eginda orain arte.

Emakumezkoen Kopako finalerdiak bihar bertan jokatuko dira, 11.00etan eta 13.00etan, hurrenez hurren. Igandean, berriz, finalaren txanda izango da. Finala 11.00etan hasiko da, eta hirugarren posturako neurketa, berriz, goizean goiz, 09.00etan.