Ane URKIRI ANSOLA
56. BEHOBIA-DONOSTIA

Agirrezabal eta Lugueros irabazle, jai giroa garaile

27 urteren ostean, gipuzkoar batek irabazi du lasterketa eta Bierzoko Luguerosek ez zuen aurkaririk izan emakumezkoen proban.

Historiarako Behobia-Donostia izango zela ziurra zen. Koronabirusaren pandemiaren ondotik jokatzen zen lehenengoa baitzen. Baina, badaezpada, historikoago egiteko, Eneko Agirrezabalek garaipen txundigarria eskuratu zuen. Segurakoak ordubete eskas behar izan zuen gizonezkoen proba irabazteko, Jesus Olmos eta Alejandro Gonzalez de Miguelekin bukaeraraino lehia estua izanda. 27 urteren ondoren, Behobia-Donostia proba gipuzkoar batek irabazi zuen eta horrek xarma berezia ematen dio garaipenari. 1994. urtean Diego Garcia azkoitiarra izan zen garailea.

Ezustekoa eman zuen Segurako korrikalariak, lasterketa Donostiako erdigunera iritsi zenean eraso egin eta, ikusleen bultzada aprobetxatuz, faboritoen artean zegoen Jesus Olmos baino hiru segundo lehenago helmugaratuta –Aragoikoa helmugan artatu behar izan zuten gehiegizko ahalegina egiteagatik–. Faboritotzat jotzen zuten Jaume Leiva eta Carles Castillejo –2015 eta 2017ko irabazlea– podiumetik kanpo geratu ziren. Leiva bukaeraraino borrokan jardun zen, baina azkenean laugarren bukatu zuen.

Emakumezkoetan, Nuria Luguerosek –maratoi erdiko Espainiako txapeldunak– bere nagusitasuna ziurtatu du Behobia-Donostia lasterketan. Bera zen faborito eta Biertzokoak ez zuen hutsik egin. Ordu bat eta 12 minutu behar izan zituen Donostiako Bulebarrera iristeko, bigarren izan zen Elena Silvestrek baino 53 segundo gutxiago eta podiuma osatu duen Mireia Guarner baino minutu bat eta 27 segundo gutxiago.

 

«Donostiara ondo iristea»

Behobia-Donostia lasterketa, baina, garaipenez harago doan proba da. Denetariko jendea batzen duen lasterketa da, helburu ezberdinak dituzten korrikalariena eta guztien xedea «Donostiara ondo iristea» izan daitekeena. Izan estreinako aldi, izan 26.a, korrikalariek «ondo» iritsi nahi dute Bulebarreko helmugara. «Ordu bat eta 35 minutuan bukatzea oraintxe sinatuko nuke, baina ondo ailegatzearekin konformatzen naiz», azaldu zion NAIZ Irratiari Basauriko Ikerrek.

Hamazazpigarren edizioa zuen basauriarrak eta lasterketa hasi aurretik eguraldiaren inguruan zenbait zalantza bazeuden ere, «denetarik ikusitakoa» dela nabarmendu –kazkabarra barne– eta berdin diola adierazita, «garrantzitsuena hemengo giroa eta Donostiara ondo iristea» dela ziurtatu zuen. 

«Ondo pasa eta gustura aritzeko» xedearekin abiatu zen Ondarroako Asier, herriko arraun elkarteko kamiseta eta guzti, Ondarroa ordezkatzearekin «pozik».

Behin helmugara iritsita, irribarre ugari ikusten zela, jai giroa are nabarmenagoa zen. «Lanak» eginda, egun berezia «ospatzeko» asmotan ziren gehienak, salbuespen txikiren bat ere bazegoen arren. Ainhoak, esaterako, bere aitarekin egin zuen korrika eta «babestuta» sentitu zela nabarmendu zuen. «Une oro norbait alboan egoteak indarra ematen dizu; are gehiago, konfiantzazko norbait denean». Lehenengo aldia zuen eta «kilometroak oso arin» pasatu zitzaizkion.

Askok diote behin Behobia-Donostia bat eginda, atzetik bigarrena, hirugarrena eta beste hainbat iristen direla. NAIZ Irratiak jasotako testigantzek baieztatzen dute hori. «Ni engantxatu nau, bai», esan zuen Baztango Pellok bere hamahirugarren edizioa burutu aurretik, oraindik ere Behobiatik «urduritasunez» abiatzen dela gehituz.

«Joan den urtean pandemiagatik ezin izan zen egin eta aurtengorako gogotsu nengoen», azpimarratu zuen Josebak. Ibilbidean zehar eta helmugara iritsi aurreko metroetan zegoen jende piloa nabarmendu zuen.

Behobia-Donostia lasterketa «oso berezia» dela baieztatu zuen Arantzak. Berarentzat momenturik onena «iritsiera» izaten da, behin iritsita «beste bat lortu» duela etortzen baitzaio gogora. Jada 14 ediziotan hartu du parte eta «oso ondo» aritu dela esan zuen, «adina aurrera doa, baina ondo atera zaigu».

«Ni korrika egiten hasi nintzen Behobia-Donostia lasterketa egiteko eta orain korrikan jarraitzen dut, beste lasterketa batzuetan ere parte hartuz», esan zuen Aitorrek bere bosgarren edizioa burutu berritan. «Gustura egon naiz. Beti gustatzen zait Zurriolako jaitsiera, han jende ezagun asko egoten da eta bertatik helmuga ikusten da urrunean», kontatu zuen mikrofonoen aurrean. 

Batzuk gozatzera soilik eta beste batzuk besteei gozaraztera edo helburua betearaztera. Erbiak dira horiek eta Lizar da horietariko bat. Orotara, 26 aldiz egin du korrika Behobia-Donostian, baina bere marka pertsonala ezin zuela hobetu ikustean, erbi lanetara animatu zen. Bandera urdin batekin joaten da eta berarengana hurbiltzen direnei «proba ordu bat eta 33 minutuan bukatzea bermatu behar diet». «Bukaeran besarkada batzuk jaso ditut, kontent zeuden».

Lasterketa honek beste kategoria batzuk ere baditu, desgaitasuna edo patin gaineko lasterketa, esaterako. 2018 eta 2019an legez, Aitor Vacas nagusitu zen aurten ere eta lasterketaren aurretik adierazi zuen Behobia-Donostiaren ibilbidea «oso berezia» dela eta ohi baino «gogo handiagoarekin ateratzen direla».