GARA Euskal Herriko egunkaria

Gorrian


Azken egunetan bolo-bolo ibili da Bartzelonako hondartza batean bandera gorrian surf egiteagatik isuna jarri zioten surflari baten bideoa. Poliziek lehorrean itxaron zuten eta atera zenean zigortu egin zuten. Norbait itotzen balego nor itsasoratuko litzatekeen galdetu zuen surflariak eta polizia batek, harro, bera igerilari ona dela eta bera itsasoratuko litzakeela erantzun zuen.

Uda sasoitik kanpo, hondartzetan banderarik ez dagoenean, sarri ikusi izan ditut hondartzara egun-pasa joan diren eskoletako haurrak eremu arriskutsuetan bainua hartzen eta kanpoan hitz- aspertuan egoten diren irakasleengana gerturatu izan naiz. «Haur horiek arriskuan daude», «lasai, begira ari gara», «horregatik daude arriskuan».

Itsasoak bost minutuan eraman ditzake 25 haur korrontean barrena eta ezer gutxi egin dezake lehorrean dagoen irakasle taldeak. Kanpotik begiratuta, ez dakien batentzat, leku seguruena korronteak dirudi, olatu eta apar gutxien dagoen eremua baita, baina tranpa da.

Horregatik, lagunek esaten didatenean irakasleek haien seme-alabez gauza txarrak esaten dizkietela poztu egiten naiz eta beraiek ere poztu beharko luketela esaten diet. Txomin ikasle txarra dela, Amaiak dislexia duela eta Mikelek ikaskideekin borrokan egiten duela. Haur horiek bizitzan zerbait egingo dute. Jada egin dute, irakasleen arreta bereganatu badute.

Beste multzoan egoteak kezkatuko ninduke ni, «arrunten» multzoak, horiek baitira etorkizunean, aurrez aipatu ditudan bi adibideetako pertsonaiak berreskuratuz, polizia edo irakasleen alde jarriko direnak. Surfa bandera gorrian egin behar da, horregatik hautatu genuen batzuek surf egitea, «eremu komantxean» egin behar den kirola delako.