NOV. 15 2021 Muga ireki dezatela eskatu dute herritarrek Larraineko lepoan Iazko urtarrilean Pirinio Atlantikoen Prefeturak zortzi bat muga-pasabide ixteko agindua eman zuen. Geroztik, besteak beste, San Martin Harria eta Uthurzeheta (Larraineko lepoa) hesituta daude. Atzo eguerdian Larrainen bildu ziren hainbat herritar, «Euskal Herrian mugarik ez» mezua zabaltzeko asmoz. Maite UBIRIA otsagabia “Inposaketarik ez. Mugarik ez Euskal Herrian” leloa lau haizeetara zabaltzeko ekimena egin zuten, atzo eguerdian, Uthurzehetan (Larraineko lepoan). 80 bat lagun bildu ziren, urte hasieraz geroztik Pirinio Atlantikoen Prefeturaren aginduz hesiturik dauden pasabideak irekitzea ezinbestekoa dela esateko; beharrezkoa, Zuberoa eta Nafarroa arteko loturak atxikitzeko. Ildo beretik, Nafarroako gobernuari zein Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoari eskatu zieten muga berriz irekitzea galde diezaiotela frantses Estatuari. Zehazki, iazko urtarrilaren 12an Paueko Prefeturak Euskal Herriko zortzi muga-pasabide hestea erabaki zuen. Gauzak horrela, honako pasabideak itxi zituzten frantses agintariek «islamiar terrorismoaren mehatxua» aitzakia gisa erabiliz: Hendaiako pasabide bi (itsasontzia eta merkantzien zubia), Lizuniga, Lizarrieta, Sara-Berruet benta, Izpegi, Aldude eta Larraine (Uthurzeheta). Zortzi muga horiei bederatzigarren bat gehitu zitzaion, Biarnon kokatzen bada ere Zuberoa eta Nafarroa arteko loturak bermatzen dituen San Martin Harria, hain zuzen. «Frantziako Estatuak aldebakarrez hartu zuen erabakiak Xiberoako, Erronkari eta Zaraitzu bailaretako herritarren egunerokoan ondorio larriak eragin dizkigu», oroitarazi zuten ekimenaren sustatzaileek Larraineko lepoan irakurri zuten manifestuaren bidez. Hiru bizi eremuetako herritarren arteko harreman kulturalak eta ekonomikoak baldintzatzeaz gain, muga itxi zutenetik, «oroz gainetik, familia arteko harremanak zangopilatuak» izan direla nabarmendu zuten. Atzera eginda, Paueko Prefeturak pasabideak zerratzeko agindua eman ondoren mobilizazioak egin zituzten ondoko asteetan, bai Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago zubian, bai Izpegi, Lizuniaga eta Lizarrietako lepoetan. Gauzak horrela, Sara (Berruet benta), Lizarrieta eta Lizuniagako pasabideak berriz ireki zituzten joan den martxoan. Uda aitzinean, berriz, Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen itsasontziaren zerbitzua berriz ere martxan jarri zuten. Alta, Larraine (Zuberoa) eta Otsagabia (Nafarroa) lotzen dituen Uthurzehetako lepoan eta Zuberoatik Erronkarira joateko baliatzen den San Martin Harrian «inposaketak» bere horretan jarraitzen duela salatzeko protesta berria antolatu zuten atzoko. «Frantziako Estatuaren ordezkari den Paueko prefetak lekuko herritarrak eta instituzioak mespretxatzen ditu. Ez dugu onartzen euskal herritarren arteko harremanak baldintzatzen eta oztopatzen dituen erabakia», ohartarazi zuten Larraineko lepotik, eta Erronkari, Zaraitzu eta Zuberoako herritarren arteko harremanak bermatzeko erabaki zehatzak eskatu. Hain zuzen, atzoko mobilizazioaren bidez eskualde horietako erakundeak eta herri eragileak saretzeko premia nabarmentzeaz gain konpromisoa adierazi zuten ekimenaren sustatzaileek. «Harreman sareak birsortu eta elkarlana sustatzeko engaiamendua hartzen dugu», azaldu zuten. Larrainen bildutako lagunek Nafarroako gobernuari eta Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoari galdetu zieten «mugaz bi aldeetako herritarren zirkulazio eskubidearen alde egin» dezatela, eta «Frantziako Gobernuaren ordezkariari galde diezaiotela pasabideen hesteko erabakia bertan behera gelditu dadila». Ekimena martxan Bruselan Sei eurodiputatuk, horien artean Pernando Barrenak (EH Bildu), Europar Batzordeari zuzenduriko ekimena aurkeztu zuten joan den astean Bruselan. Galdera horretan pasabideen itxierak Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrei dagokien zirkulazio askea zalantzan ematen duela oroitarazi zuten. Adierazpenak «Ez dugu onartzen Euskal Herrian ezarri zaigun debekua eta ez dugula errespetatuko diogu, oinarrizko eskubideak urratzen dituelako» «Hiru bizi eremuetako herritarren arteko harremanak baldintzatu dizkigute, eta, oroz gainetik, familia arteko harremanak zangopilatuak izan dira»