Dabid LAZKANOITURBURU

Xi eta Bidenen arteko gailur birtualaren dosier mardula

AEBetako eta Txinako presidenteak, Joe Biden eta Xi Jinping, goi-bilera birtualean bildu dira goizalde honetan, Taiwani eta beste hainbat auziri buruz –merkataritza nahiz giza eskubideen ingurukoez– hitz egiteko. Txinatarrak uhartea kosta ahala kosta bereganatuko duela aldarrikatuko duela iragarri zuen. Estatubatuarrak Pekinekiko dituen kezkak irmo adieraziko dizkiola iragarri zuen bien arteko hirugarren elkarrizketan.

Txinako eta Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Xi Jinpingek eta Joe Biden, azken hau Etxe Zurira iritsi zenez geroztiko lehen gailur birtualean, hitz egitekoak ziren gaur goizaldean (iluntzea Washingtonen, astearte goiza Pekinen).

Irailaren 9an hitz egin zuten azken aldiz, baina ordutik hona gauzek ez dute hobera egin. Izan ere, bi aldeek gero eta liskar gehiago dituzte, eta bakoitzak irmo eusten dio bereari Taiwango auzian, bai eta merkataritza trukeei eta giza eskubideen errespetuari dagokienez.

Etxe Zuriko arduradun batek aurreratu zuenez, kontua zera da: «Lehiaketak ez gaitzala liskarrera eraman. Suebakiak eraiki behar ditugu gaizki-ulertuak eta iritzi okerrak ekiditeko». Suebaki horiek zeintzuk izango liratekeen ez zuen zehaztu, ordea.

Txinako Kanpo Arazoetarako bozeramaile Zhao Lijianek iragarri zuenez, bi agintariek «harremanen inguruko iritzi hartu-eman zintzo, sakon eta osoa» izatea zen asmoa, bi herrialdeen arteko harremanak «bidegurutze estuan» dauden honetan.

Pekinek Washingtonekin elkarlanean aritu nahi du «harremanak bide sano eta egonkorrera abiarazteko», gaineratu zuen Zhao Lijianek.

Joe Bidenek presidente kargua hartu zuenetik, 2021eko urtarriletik, Xi Jinpingekin zuzenean biltzeko asmoa agertu izan du eta gogor kritikatu du Txinako presidentea azken nazioarteko gailurretan agertu ez izana.

Gailur birtualekin konformatu behar, Xi ez baita Txinatik atera azkenengo bi urteetan, covid-19aren pandemiaren aitzakiarekin.

Biden Etxe Zurira iritsi ondotik Txinari buruz hitz egitean AEBen tonua lausoagoa da Trumpen aroarekin alderatuta, baina ekintzetan Washingtonen eta Pekinen arteko harremanek okerrera egin dute.

“China Daily” Txinako egunkari ofizialak editorialean aurreratu zuenez, Xik «argi utziko dio Bideni bere batasun nazionala aurki lortuko duela, kosta ahala kosta. Bidenek neurtu egin beharko du Taiwaneko sezesionisten alde egiteak AEBentzat izango duen kostua».

«Lehia era arduratsuan gestionatu behar da. Taiwaneko sezesionistak harrotzen dituzten politikek Txina eta AEBen arteko harremanak zapuztu ditzakete eta mundua amildegian jar dezakete», gaineratu zuen egunkariko iritzi-artikuluak.

Etxe Zuriko bozeramaileak, Jen Psakik, iragarri zuenez, Bidenek «argi utziko du hasiera-hasieratik AEBen lehentasunak eta asmoak zeintzuk diren», eta bide batez «Txinari buruz dituen kezkak helaraziko dizkio Xi Txinako presidenteari».

Nolanahi ere, gailurrak «emaitza zehatzik» ez duela emango gaineratu zuen Psakik.

Goi-bilera AEBetako 19.45ean hastekoa zen (goizaldeko 1.45 Euskal Herrian), goizeko 7.45 Pekinen (12 orduko aldea dago) eta elkarrizketak orduak iraungo zituela ohartarazi zuen AEBetako iturri batek.

Izan ere, ez da ordu aldea bi potentzien arteko alderik handiena.

Taiwan

Txinako Aire Armadak biderkatu egin ditu uhartearen inguruko sartu-irtenak. Tsai Ing-wen Taiwaneko lehen ministroak onartu egin du AEBetako Armadaren «aholkulariak» Taiwanen daudela. Bidenek Pekinen eraso baten aurrean Taiwan defendatzeko konpromisoa duela azaldu zuen. Txinak dei egin dio Washingtoni Tsai Ing-wen babesteari utz diezaion, uhartearen independentziaren alde dagoela leporatuz.

Segurtasuna

Pekinek Ekialdeko Txinako Itsasoaren subiranotasuna aldarrikatzen du. AEBek eta bere eskualdeko aliatuek, berriz, «nabigatzeko askatasuna» aldarrikatzeko operazioak egiten dituzte. Txinak gogor kritikatu du Washingtonek Australiari urpeko ontziak saldu izana, Canberrarekin eta Londresekin sinatu duen Itun Militar berriaren testuinguruan.

Merkataritza

Biden presidenteak Donald Trumpek 2018an Txinako produktuen kontra abiatu zuen merkataritza-gudari eutsi dio. AEBetako hainbat enpresa erraldoik Pekinekin negoziatzeko eskatu diote Gobernuari, produkzio-kostuak garestitu zaizkielako. 2020ko su-etenean, Txinak AEBetako produktu gehiago erosteko konpromisoa hartu zuen, 200.000 milioi dolar ordainduz. Washingtonek hitza ez duela bete leporatzen dio Pekini. Boeing hegazkinen eraikuntza-enpresa erraldoiak Txinaren erosketa izugarri bat espero du urtea amaitu baino lehen merkataritza-trukea orekatzeko.

Teknologia

Trump Administrazioak ustez AEBen segurtasuna kolokan jartzen zuten Txinako teknologia- enpresak zerrenda beltzean jarri zituen. Ordutik AEBetako enpresek ezin diete ezer erosi edo saldu baimenik gabe. Bidenek zerrenda luzatu egin du eta bertan China Telecom sartu du. AEBek bereziki Huawei 5G ekipamenduetako aitzindaria dute jomugan. Bi aldeek tentsioa baretu dute. Kanadak aske utzi du Meng Wanzhou Huaweiko finantza-zuzendaria, AEBen eskaerari jarraituz hiru urte kartzelan eman ondoren..

Zigorrak

Uigur musulmanen lurralde den Xinjianek (Ekialdeko Turkestan) bertan Txinak genozidioa egin izana salatzen du eta Biden Administrazioak bat egin du salaketa horrekin. Pekinek hainbat arduradun txinatarren aurkako zigorrak bertan behera uzteko exijitzen du, bai Xinjiangeko auzian, baita Hong Kong-ekoan ere. Bitartean, agintari estatubatuarrak zigortu ditu.

Kontsuletxeak

Iazko tirabiren bueltan, bi herrialdeek beren kontsuletxeak itxi zituzten, Txinakoa Houstonen (hegoaldea) eta AEBetakoa Chengdunen (hego-mendebaldea). AEBetako komunikabide batek jakinarazi duenez, egoitza diplomatiko horiek aurki zabalduko dira. Washingtonek ukatu egin du albiste hori.

Bisak

Washingtonek ikasle eta ikerlari txinatarren ehunka bisa atzera bota ditu, espioitza arriskuaren aitzakiarekin. Trump Administrazioak ere «agente arrotz» izendatu zituen Txinako komunikabideak. Pekinek AEBetako hamar bat berriemaile kanporatu ditu horien bisak gaurkotzeari muzin egin ondoren.

Koronabirusa

Bidenek covid-19aren sorreraren inguruko «ezinbesteko informazioak» ezkutatu izana leporatu dio Txinari. Izurritea Wuhanen (zentroa) sortu zen 2018ko urte amaieran. Xi Jinpingen Gobernuak «esku-hartze politikoa» ikusten du salaketa horren atzean.

Klima larrialdia

Tentsio nabarmen honen testuinguruan, Txinak eta AEBek, munduko herrialde kutsatzaileenek, akordio bat adostu zuten aurreko astean, Glasgowko gailurraren karietara, klima larrialdiari elkarlanean aurre egiteko. Akordioa orokorregia baldin bada ere, klima krisialdia potentzia bien liskarren menpe ez uztea lortuko luke.