GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Euskal derbiak hautsiko du Emakumeen Ligako ia hiru asteko etena


Ia hiru asteko etena izan du Emakumeen Endesa Ligak eta euskal derbi eta guzti berrekingo dio lehiari. Gaur arratsaldean, 19.30ean, Josean Gasca kiroldegian IDK Euskotren eta Kutxabank Araski neurtuko dira.

Liga eten aurretxoan azken neurketak irabazi zituzten biek ala biek. Hargatik, aurreneko zortzietan kokatuta daude uneotan: Araski zazpigarren 4-3 balantzearekin; donostiarrak postu bat atzerago, garaipen bat gutxiago aldean.

«Araskiren aurkako derbiak guda baten gisakoak dira. Are gehiago aurten, talde biok jokalari fisikoagoak dauzkagula», adierazi zuen neurketa bezperan Azu Muguruza IDK Euskotreneko entrenatzaileak.

Araskiri buruz, esan behar Izaskun Garcia Urlezaga antolatzailea, lesioa gainditu eta gero, jokatzeko moduan izango dela. Bada, jokoa sortzeko izan dituen arazoentzat konponbide bat gehiago izango du Madelen Urietak.

Gorantz egin nahian

Lointek Gernika Bizkaiak, aldiz, 20.00etan jokatuko du Malosten, Baxi Ferrol taldearen aurka.

Liga eten bezperan, Zaragozan azken segundoan galdu zuen eta Emakumeen Eurocupean, berriz, Virtus Boloniaren aurka 35 minutu bikain jokatuagatik, saririk gabe geratu zen laugarren jardunaldian. Mario Lopezenak Ligan aurreneko zortzi postuetatik at daude uneotan, 3-4 balantzearekin, eta galiziarren egoera petrala (azken-aurrenak, bi garaipen bakarrik lortuta) baliatu nahiko dute.

Mario Lopezen zorionerako, eta taldekideekin entrenatu ahal izan delako, gernikarren azken fitxaketa, Lashann Higgs, debuta egiteko moduan izango da gaur.