Aitor AGIRREZABAL

Erreferenduma suspertzeko kanpaina luzea Eskozian

SNPk balizko Eskozia independente bati forma emango dio hurrengo asteburuko konferentzian eta «The National» egunkariak doan banatuko ditu zenbaki berezi baten milioi bat kopia. Datozen asteetan, berriz, musika jaialdiak eta kanpaina diseinatzeko konferentziak egingo dira. Helburua, 2023an egin nahi duten erreferendumaren kanpaina suspertzea.

Behin Glasgowko gailurra igarota, Eskoziako politikariak eta aktibistak etxeko lanetara itzuli dira. Independentismoa hainbat frontetan antolatu da, helburu argi batekin: 2023an egin nahi duten erreferendumaren kanpaina luzea suspertzea.

Nicola Sturgeon lehen ministroak bigarren independentzia-erreferendum bat egin nahi du 2023ko amaierarako, betiere, ordurako koronabirusaren pandemia igaro bada. Irailean, Holyroodeko Parlamentuan egin zuen gobernu programaren aurkezpenean, funtzionario publikoei independentziaren egitasmoa eguneratzeko jarraibideak ematen ari zirela jakinarazi zuen. Eta duela gutxi, udaberrian zehaztasunak emango dituela baieztatu zuen.

Lanak aurreratu asmoz, Edinburgoko Gobernua martxan da dagoeneko eta lehen mezua funtzionarioei igorri die. SNPk konferentzia antolatu du azaroaren 26tik 29ra, baina dagoeneko ezagutzen da bertan eztabaidatuko den proposamenetako bat: independentziak 35.000 lanpostu sortuko lituzke administrazio publikoan, eta departamenduak herrialde osoan banatuko lirateke. Eskoziarren artean kritika zabalduenetakoa boterearen zentralizazioa da eta Sturgeonek proposamen horrekin egin nahi dio aurre.

Gaur egun, Eskoziako Gobernuaren menpeko funtzionario publikoak 7.500 inguru dira. Erresuma Batuak Eskozian duen zerbitzu zibilak, berriz, 25.000 langile ditu. «Eskoziako Gobernuak 35.000 lanpostu inguru beharko lituzke». Honela jarraitzen du proposamenak: «Eskoziako eremu guztiek independentziaren onuren zati justua lor dezaten bermatzeko, konferentziak proposatzen du SNPko gobernu eskoziar batek bermatu behar duela administrazio publikoko oinarrizko lanpostu denak kontseiluaren 32 arloetan banatzea, eremu horietako populazioaren proportzioan».

Mozioaren arabera, landa-eremu edo eremu behartsu batzuei (Dumfries eta Galloway, Scottish Borders, Highlands, Inverclyde eta An Na h-Eileanan nan Siar), «gutxienez egungo biztanleriaren %20ko haztapen gehigarria aplikatu behar zaie». Ez dira kokapen zehatzak ematen Gobernuko departamendu berrientzat, baina jatorrizko proposamenaren egileetako batek, Tim Rideout doktoreak, iradoki zuen estatu berriko Defentsa Ministerioa Argyllen egon zitekeela, Hezkuntza Ministerioa Perthen, Kanpo Harremanetarako Ministerioa Falkirken edo Stirlingen, Arrantza Saila Lerwicken eta Energia Ministerioa eta Energia Berriztagarrien Konpainia Nazionala Aberdeenen.

Milioi bat egunkari dohainik

Beste fronte batean, “The National” egunkariak erronka handi bat hartu du bere gain, SNPrekin eta Believe in Scotland (Sinetsi Eskoziarengan) erakundearekin batera. Herrialde osoan zehar egunkariaren zenbaki berezi baten milioi bat ale banatuko dituzte doan St Andrews egunean, azaroaren 30ean. Milioi bat ale, 5,5 milioi pertsonara iristen ez den herrialdean.

Egunkariak Nicola Sturgeon lehen ministroaren artikuluak eta beste figura garrantzitsu batzuen ekarpenak bilduko ditu. Edizio bereziaren edukia ongizatean oinarrituko da, eta Eskozia independente batek Erresuma Batutik kanpo aurrera egin dezakeela jakinaraztea du jomuga. Lehenago, larunbat honetan bertan, egunkariak 24 orrialdeko gehigarri bat kaleratuko du, besteak beste, pentsioak edo COP26 bilerak Erresuma Batuko eta Eskoziako kudeaketa ekonomikoari buruz esandakoa bezalako funtsezko gaiak jorratuz.

Esan bezala, independentistek, azken garaipena helburu, zenbait frontetatik ekin nahi diote erreferendumaren lasterketa luzeari. Ildo horretan, independentziaren aldeko ekintzaileek YEStival musika jaialdia antolatu dute Glasgown asteburu honetarako, independentziaren alde egiten den lehendabizikoa. Eta Glasgowtik, Aberdeenera. Mendebaldeko langile hiritik, ekialdekora. Aberdeeneko Yes mugimenduak konferentzia berezia iragarri du datorren urteko otsailaren amaierarako. Eta ordu gutxitan bete dira bertan parte hartzeko plaza guztiak. Konferentziaren helburu nagusia erreferenduma irabazteko kanpaina diseinatzea izango da. Horretarako, Eskozia guztiko ekintzaileak bilduko dira independentziaren aldeko kanpaina irabazle baten sorreran aurrera nola egin eztabaidatzeko.

Azken finean, askotariko ekimenak martxan jarriz, independentismoa etorkizuneko estatua nolakoa izango den bistaratzen saiatzen ari da, independentzia herritarrentzat zerbait ukigarria izan dadin. Sturgeonen promesaren arabera, bi urte dituzte gizartea konbentzitzeko.