EDITORIALA
EDITORIALA

Migratzaileen dramak mitoa desegin du

Ekialdetik sartuta Europarako bidean ihesi doazenek bizi izan dituzten horroreak eta istorioak elkarri kontatzean, Hego Kurdistango migranteenek ez diete, segur aski, afganiar edo siriarrei erasango. Izan ere, Irakek sufritu dituen kalamitateekin alderatuz gero, edo gerrak hondatutako Siriarekin, baita zigorrek itotako Iranekin ere, Hego Kurdistan oasi bat zela saldu ziguten, negozioetarako paradisu bat, tragediari iskin egin zion bazter egonkor eta segurua; 2014an petrolioaren prezioek behera egin arte, burbuila ekonomikoa etengabe puzten zihoala, etxe orratzak eta luxuzko hotelak bata bestearen ondoren eraikitzen zirela, eta Arbil hiriburua Dubai berria izatera deitua zegoela.

Bielorrusia eta Polonia arteko mugan ez atzera ez aurrera geratu diren milaka errefuxiatuetako gehienak hango kurduak direla jakitean mitoa desegin da. Hego Kurdistango herritarrentzat aukera ekonomiko eta politikoak desagertuta daudela ikusi da, ustelkeria endemikoa eta lege dela, ongi armaturiko miliziak dauzkaten bi klanen duopolio batek kontrolatzen duela den-dena; espazio politikoa, lanpostu bat lortzeko sare klientelarrak, errepresio politikoa, dena. Gero eta autoritarioagoak diren klanen mendekotasunetik ihesi doaz milaka kurdu horiek. Eta beren etsipena heriotza hurbilaren mehatxuan baino zapuztutako esperantza kolektibo batean sustraitua bada ere, berdin da: etxera bueltatu baino nahiago dute negua Bielorrusian pasatu, aterperik gabe, eta jakin arren jadanik dozena bat herrikide hil direla, batzuk hotzak jota, arriskatu egingo dira, muga pasatzen saiatuko dira, behin eta berriz.

Mendebaldean Bielorrusiako Lukaxenkori egotzi zaio krisi hau obratu izana. Poloniako Gobernuak herrialdea erasopean dagoela dio eta asilo eskatzaileen kontrako gerrara deitu du. Gero eta tentsionatuago dago egoera, hizkuntza gero eta belikoagoa da, emozioak gordinagoak. Hori da kurduon beste drama: borondatez kontra, borroka geopolitiko baterako arma hartu dituztela.