GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Mendi Film, mendizaleen elkargune abenduaren 3tik aurrera


International Alliance for Mountain Film erakundeko kide da Mendi Film. Erakunde horrek urtero prestatzen duen zirkuitua amaiera aldera iritsi da, eta, hain zuzen ere, azken-aurreko geldialdia da Bilboko Mendi Film. Atzo aurkeztu zuten hamalaugarren ekitaldia Bizkaiko hiriburuan; ez soilik gure ingurumarira begiratuta, baizik eta nazioartera. Euskarari keinu egin zioten; izan ere, lehen hitzak zein prentsaurrekoaren zati handi bat gure hizkuntzan egin zuten.

Jaialdiaren zuzendari Jabi Baraiazarrak abenduaren 3an hasiko den aurtengo ekitaldiaren ildo nagusiak aurkeztu zituen. Besteak beste, sail ofizialean lehiatuko diren pelikulen azterketa egin zuen: «Film uzta aparta dugu. Aurkeztutako lan kopurua igo egin da, baina guk lanok duten kalitateari azpimarra berezia egin nahi diogu. Izan ere, ikusiko diren ekoizpen asko eta asko beste mendi zinemaldi batzuetan protagonista izan dira; hots, makina bat sari jaso dituzte».

Berrikuntzen artean, aurten martxan ipiniko den sari berria aipatu zuen. «Ohiko hamabi sariei aurtengo edizioan beste bat gehituko zaie. Jatorrizko soinu banda onenaren saria. Gainera, irabazleak garaikur berri bat jasoko du. ‘Txalaparta’ du izena, eta egilea Iñigo Aristegi eskultore donostiarra da».

Lan eskerga egin behar izan dute antolatzaileek aurkeztutako 192 filmak aztertu eta 50 aukeratzeko. Filmak 11 herrialdetatik jaso dituzte, gehienak Europan ekoitziak, nahiz eta AEBetako eta Kanadako lanak ere badiren tartean. Guztira 44 zine saio programatu dira, 11 hitzaldi, sei erakusketa... Informazio gehiago NAIZen jaso daiteke.