GARA Euskal Herriko egunkaria
PROTAGONISTA

Tasio Martinek Taghiako «Babel» bakarkako estiloan eskalatu du

Hiru egun behar izan zituen 21 urteko urduñarrak zailtasunean mitikoa den 800 metroko bidea igotzeko. «Babel»-ek 18 luze ditu, etahorietako 14 zazpigarren mailatik gorakoak dira. Eskalatzaile gazteak dio esperientzia itzela bizi izan duela Marokoko Atlas Garaian.


Bibliak dioenez, Babelgo Dorreak munduko hizkuntza guztiak biltzen ditu. Bada, modu batera edo bestera, Tasio Martinek bere hizkuntza propioa ezarri berri du Atlas Garaiko Taghia herriko “Babel” bidean, Marokon. Izan ere, zailtasunean ikono den marra bakarka eta hiru eguneko jardunean eskalatu du.

Eskalatzaile urduñarrak meritu handia duela ezin da zalantzan jarri; izan ere, 21 urte besterik ez ditu eta jarrera ausarta erakutsi du goi mailako xede horri ekiteko. Nortasuna handia duten helburuetan hasiberria besterik ez da, baina leku berezia aldarrikatzen ari da Martin.

“Babel” aipatu dugunez, aurreratu behar dugu Stef Bodet, Titi Gentet, Nicolas Kalisz, Fred Ripert eta Arnaud Petit frantziarrek 2007. urtean zabaldu zutela. Tagoujimt n’Tsouiant izeneko horman kokatuta dago, 800 metro luze da eta 7c+ maila du; halabeharrez, 7a+ igo behar da. Aurretik 18 luze gainditu behar dira, eta horietako 14 zazpigarren mailatik gora daude. Hori guztia esanda, irakurlea ohartuko da “Babel” zailtasunean oso-oso iraunkorra dela.

Nahiz eta “Babel” benetako harribitxia den, soilik hamar igoera ditu, eta Martinena bakarka egindako lehena da. Hori guztia esan eta gero, argi eta garbi geratzen da, sasoi bikaina izateaz gain, buruz ere oso indartsua dela Martin. Hain gogorra den bide bat bakarka eskalatzeak ez du aukera handirik ematen 18 luzeak kateatzeko. Alabaina, Martinek jarduera osoan ez zuen metro bat bera ere artifizialean eskalatu. Izaera horretako erronka batean lehen eskarmentua izan du, eta, beraz, aurkezpen hori biribiltzeko aitor dezakegu meritu handiko eskalada egin duela.

Urduñarrak berak GARAri aurreratu dionez, bigarren aldia izan du Taghian: «Duela hiru urte lehen bisita egin nuen, eta orain astebeteko irteera egin dut. Kataluniako Mendizale Federazioaren Alpinismoko Teknifikazio Taldeko kidea naiz, eta beka batekin hormatzar ikusgarri horiek eskalatzen izan naiz».

Bitxia bada ere, “Babel” bakarka eskalatzeko xedea bidaiatu baino bi egun lehenago piztu zitzaion: «Gauez ezin lorik egin nenbilen, eta bide hori estilo horretan probatzeko asmoa sortu zitzaidan. Ez dakit zergatik baina motibatu egin nintzen. Logistika, tresneria eta beste arlo batzuk aztertu nituen. Alabaina, behin betiko erabakia Taghian bertan hartu nuen. Lehen egunetan lagunekin eskalatzen aritu nintzen, eta pixkanaka ‘Babel’ bakarka eskalatzeko nahia forma hartzen hasi zen. Bederen, saio bat egiteko erabakia hartu nuen. Egun oso bat den-dena prestatzen jardun nuen, eta, nortasun horretako jarduera batean nire lehen eskarmentua zenez, bada urduri jarri nitzen».

Eta ez da harritzekoa, alde guztietatik begiratuta, bakarkako eskalada batek asko eskatzen duelako. Martinek estilo horretan pare bat eskalada eginak zituen, baina “Babel” beste kontu bat zen: «Marra hori sokakide batekin egitea oso erakargarria da, baina bakarka egiteko asmo horrekin oso motibatua nengoen. 800 metroko murru batean bakarrik hiru egun igarotzea, abentura hori bizi nahi nuen. Dena berria izan da niretzat. Zorionez, bakarkako jardueretan nazioarte mailan espezialista handia den Silvia Vidalen ikastaro bat jasotzeko aukera izan nuen aurretik. Mundu hori nola transmititzen duen ikaragarria da! Eta, hain zuzen ere, neure barruan zer do zer piztu zen».

«Asko ikasi dut»

21 urteko urduñarrak “Babel” zain zuen. Taghiako horma handienean kokatuta dago, eta, krokisa ikusita, “beldurtzeko” arrazoiak ematen ditu. Arestian aipatu dugunez, 18 luze ditu; 14 zazpigarren mailatik gorakoak. Bertikala da alde guztietatik, eta, zintzur batean dagoenez, ia errekatik bertatik hasten da. Martinek dio marra zein pareta ikusi bezain pronto, liluratuta geratu zela: «Baina, jakina, zailtasunean oso iraunkorra den bide bat igotzen saiatzeak buruari asko eskatzen dio. Zalantzarik gabe, estilo horretan eskalatu nahi baduzu, horrek guztiak baldintzatu egiten zaitu. Horregatik guztiagatik argi nuen kateatzeko erronka baztertuko nuela. Nahiz eta ekipatuta dagoen, friend batzuk erabili behar dira. Gainera, txapa batetik bestera distantzia handia dago. Harritu nauena da sekzio askotan derrigortuta zaudela librean metroak eskalatzera. Zailtasunari dagokionez, zorrotza iruditu zait. Krokisak dio 7a+ halabeharrez eskalatu behar dela. Ez da soilik pausu bat egin eta kito. Hasierako luzeetan saiatu nintzen ahal nuen guztia kateatzen, baina neure mugetara segituan heldu nintzen. Luze gogorrenetan txapa batetik bestera eskalatzea zen helburua, eta horietan dena eman nuen. ‘Babel’-en estilo horretan saio bat egin nahi nuenez, ez nintzen gehiegi arduratu. Izan ere, bilerak ekipatuta daude, eta, beraz, jaisteko arazorik ez nuen izango».

Nahiz eta marrak artesi batzuk eta eroria duen sekzio bat dituen, plakak dira nagusi. Martinek baieztatu digu ez dela arriskutsua, besteak beste, ia bide osoa bertikala delako: «Bakarkako estiloan eskalatzen ari nintzenez, konpromisoa hor zegoen. Maniobrekin kontu handiz ibili behar nintzen. Luze gogorrenetan den-dena ondo begiratu nahi nuen min ez hartzeko. Bigarren luzean, adibidez, eroriko luze bat izan nuen. Egundoko garrasia bota nuen. Ezusteko hori ikusita, dena ematen jarraitu nuen, baina beste modu batera; lasaiago. Indarrak ondo kudeatu behar izan nituen».

Eskalatzaile gazte honek hiru egun behar izan zituen “Babel” eskalatzeko. Ez zuen hamakarik eraman, eta, beraz, bibaka egiteko lekuak ondo aztertu zituen. Lehen egunean, zazpi luze igo ondoren, laugarren bilerara jaitsi eta gaua bertan egin zuen; hain zuzen ere, erlaitz txiki batean. Biharamunean, zazpigarren bilerara jumareatu, beste zazpi luze egin eta bibaka leku paregabe batean egin zuen: «Egun gogorra izan zen oso, 7b+, 7c, 7c+... zailtasunak gainditu behar izan nituen. Gaua iritsi baino lehen hamalaugarren bilerara heldu nintzen. Hirugarren eta azken egunean neure helburu lortu nuen. Bestalde, esan behar dut eguraldiarekin egundoko zortea izan dudala: tenperatura ona, zeru oskarbi...».

Era horretan amaitu zen Martinek “Babel”-en izan zuen erronka. Aipatu dugu soilik hamar igoera izan dituela bideak, eta Martinek bakarkako lehena sinatu duela. Horri zein bizi izan duen eskarmentuari buruz galdetu diogu, eta honakoa da bizkaitarraren erantzuna: «Lehena izan omen naiz estilo horretan, eta, jakina, garrantzi handia ematen diot. Hori bai, harritu nau hain errepikapen gutxi izateak. Bide batez, esan behar dut jarduera osoan ez dudala arazorik izan. Jarraitu beharreko logistika argi nuen; badakit maniobra horiek oso neketsuak direla, baina gauzak oso ondo egin ditut. Petatea, adibidez, bizkarrean igo dut. 15 kiloko pisua zuen, baina, bileratik igo ordez, nahiago izan dut luzea garbitu eta bizkarrean eraman. Gogorra izen zen, bai, baina era horretan ez zen trabatzen. Azkenik esan nahi dut abentura honek asko bete nauela. Hiru egun bakar-bakarrik eman ditut, eta gustura jardun dut. Asko ikasi dut».