Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Hiru euskal alpinista bikainaritu dira Dorje Lapka mendian

Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Mikel Inorizak Nepalgo seimilakoaren hegoaldeko horman bide berri bat zabaldu dute.

Iaz ez zuten zorterik izan. Pandemiak baldintzatuta, FEDMEren Alpinismo Taldeko ordezkariek ezin izan zuten ikasturteko azken irteera egin. Hots, Europatik kanpo egiten duten espedizioa. Egoera aldatu denez, Mikel Zabalzak zuzentzen duen taldeak aurten Himalaiara bidaiatzeko aukera izan du. Hain zuzen ere, Nepalen dagoen Dorje Lapka mendira (6.966 m).

Eta, oro har, FEDMEko kideek emaitza gazi-gozoak pilatu dituzte. Bi taldetan banatu ziren. Batetik, Javier Guzman, Ruben San Martin eta Ander Zabalza. Hauek mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian bide berri bat zabaltzen saiatu ziren, baina baldintzek eraginda atzera egin behar izan zuten. Zabalzak, Iker Madoz gonbidatuak eta Mikel Inorizak, berriz, bigarren taldea osatu zuten, eta Dorje Lapkako hegoaldeko isurian marra berri bat sortzeko aukera izan zuten.

Dorje Lapka mendiari dagokionez, aurreratu behar dugu urrutiko lekua bada ere, 80ko zein 90eko hamarraldietan bisita ugari izan zituela. Horietako bat, gainera, FEDMEko taldearen zuzendari Zabalzarena izan zen. Hain zuzen ere, 1992an Fermin Izcorekin ekinaldi bat egin zuen bertan, eta “arantza” hori kentzeko berriro itzuli da.

Nepalera abiatu aurretik, 1992ko espedizioan ateratako argazkiak zein Google Hearth informazio geografikoko sistemako irudiak aztertzen jardun zuen. Jakina, hori guztia taldekideekin partekatu zuen.

Arestian aipatu dugunez, Dorje Lapkara heltzera ez da batere samurra. Ez da mendi oso ezaguna, eta aukeratutako isurialdea jende gutxik ezagutzen du. Hurbilketa bidean oinez bost egun egin zituzten. Bederen, kanpaleku nagusia (4.200 m) leku zoragarri batean jarri zuten.

Girora egokitzeko fasea heldu zitzaien. Eta denbora galdu gabe, lehen irteerak egin zituzten. Aurpegi hori aztertzeaz gain, glaziarrean leku bitxi bat aurkitu zuten 4.900 metrora beste kanpaleku bat antolatzeko. Ohiko garraio lanak egin eta gero, Inorizak aurreratu digu aipatutako girotze faseari ekin ziotela: «Mendebaldeko ertzera abiatu ginen; izan ere, balizko jaitsiera ondo ezagutu nahi genuen. Eguraldia ona zen, eta hegoaldeko aurpegiak zituen baldintzak bikainak baino bikainagoak. Seimila metrotik gora ibili ginen, eta bi gau 5.300 eta 5.600 metrora egin genituen».

Girora ondo egokitu ondoren, guztiz animotsu zirela, bat-batean eguraldia arras aldatu zen. Ez zuten eguraldi gaiztorik espero, baina astebete kanpaleku nagusitik irten gabe igarotzea beste aukerarik ez zuten izan. Euria izan zuten lagun bost egunez. Glaziarrean, berriz, metro eta erdiko elur geruza pilatu zen.

Neurri handi batean, egoera horrek taldearen asmoak baldintzatu zituen. Gainera, etxetik jasotzen zituzten iragarpenak ez ziren oso itxaropentsuak. Hala eta guztiz ere, mezu baikor bat jaso zuten: «Gailurra igotzeko leiho txiki on bat iragarri ziguten. Hori bai, arriskua ere bazuen, besteak beste, tontorrean haizete indartsuak egongo zirela abisatu baitziguten. Hori gutxi ez, eta bat-batean tenperatura asko jaitsiko zen».

Oso azkar

Leiho txiki on hori ez galtzea erabaki zuten, eta, esan dugun bezala, bi taldetan banatu ziren. Mikel Zabalza, Madoz eta Inorizaren xedea hegoaldeko aurpegia izan zen. Guzman, San Martin eta Ander Zabalzak, aldiz, hego-mendebaldeko isurian ekinaldi bat egin nahi zuten.

Azken horiek 5.700 metrora arte urratsa zabaldu zuten; han bertan bibaka antolatu zuten. Biharamunean, berriz, beste taldeak ibilbide bera jarraitu zuen. Inorizak baieztatu digunez, aurretik zihoazen taldekideek ezer gutxi egiteko aukera izan zuten: «Hego-mendebaldeko murrua oso erakargarria da, eta bi taldeon helburua zen. Paretaren erdian diedro-goulotte bat dago, baina nahiko lehor zegoen. Argi zegoen ahalegin handia eskatzen duen murrua dela; gutxienez, bibak bat egin behar zen. Eta aipatu bezala, leiho txiki on bat iragarri ziguten. Baina izugarri hoztu zuen, eta, azkenean, Ruben, Javier eta Anderrek ekinaldia bertan behera uztea erabaki zuten».

Zabalza, Madoz eta Inorizak, berriz, xedearekin aurrera egin zuten. Hasierako baldintzak ez ziren batere onak; elur sakonean lan eskerga egin behar izan zuten. Berriek zioten biharamunerako tontorrean 80 kilometro orduko haizeteak izango zirela, eta hurrengo egunetan ez zuela baretuko: «Notiziak ez ziren batere onak eta ekinaldi bakarra egitea erabaki genuen. 6.100 metrora, lepo batean, denda bat altxatu eta ia atsedenik hartu gabe eskaladarekin jarraitu genuen. Hegoaldeko aurpegi horretan, behintzat, baldintza onak aurkitu genituen. 17.40an iluntzen zuenez, tontorra gehienez 15.00ak baino lehen erdietsi behar genuen. Azkenean, 16.00etan heldu ginen. Haizerik ez, baina kristoren hotza egiten zuen. Ikuspegia ederra baino ederragoa zen, eta, ohiko argazkiak atera ondoren, jaitsierari ekin genion. Mendebaldeko ertzetik jaitsi ordez, igotako bidetik egin genuen. Ez zen batere samurra izan. Aurretik genituen 500 metroek 60 eta 65 graduko aldatsak zituzten. Soilik rappel bat egin genuen; beste sekzio guztiak, berriz, aldapei begira deseskalatu genituen».

Nahiz eta gauak harrapatu zituen, 6.100 metrora altxatutako dendara onik iritsi ziren. Biharamunean, kanpaleku nagusira heldu eta eginiko jarduera taldekideekin partekatu zuten.

Era horretan amaitu zen FEDMEren Alpinismo Taldeak Dorje Lapka mendian eginiko espedizioa. Inorizak esan digu eginiko lanarekin gustura dagoela: «Esku artean bagenuen beste helbururen bat edo beste ere, baina astebeteko elurte horrek planak aldatu zizkigun. Eta izan ditugun baldintzak ikusita, uste dut lan oso ona egin dugula; beste taldekideek ez dute zorterik izan. Berez, bideak ez du zailtasun tekniko handirik. Ez du mistoko tarterik, eta arroka ez dugu ukitu ere egin. Baina aldats pikoetan eskalatu behar izan dugu. Isuri horretan, zorionez, baldintza onak izan genituen, eta horrek asko lagundu zigun igoera azkar bat egiteko. Amaiera ederra eman diogu taldeak egindako ikasturteari».