GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Etengabeko esplotazioak lan istripuak eragiten ditu


Portugaleten 45 urteko langile bat hil zen atzo, zorroten bat konpontzen ari zela teilatu batetik erorita. Sindikatuek emandako datuen arabera, 57 dira jada aurten Euskal Herrian lan istripuz hildakoak. Bereziki larria da atzoko istripuan hildakoa altueratik erorita aurten hildako zazpigarren langilea dela. Altuerako lanetan, oro har, segurtasun protokoloak eta prebentzio neurriak betetzen ez direla ematen du. Ezin da bestela ulertu erorikoen ondorioz hainbeste behargin hiltzea. Administrazioaren jarraipen ezak, lan baldintza txarrek eta prekaritateak osatzen dute langileak beren lanpostuetan hiltzen jarraitzeko testuingurua. Eta premiazkoa da behingoz egoera horri amaiera ematea.

Lan prekaritate testuingurua, batzuetan, eskrupulurik gabeko patroiek erabiltzen dute, gupidarik gabe, Luis Enrique Soriano gazte dominikarraren gertukoek atzo salatu zuten bezala. Leher eginda, bere buruaz beste egin zuen iragan uztailaren 30ean lan egiten zuen Azpeitiko tailerrean. Bere gertukoek, Elkar-ekin plataformak eta ESK sindikatuak salatu zutenez, hilean 100 ordu estra baino gehiago egitera iritsi zen gaztea, eta ez zuen oporrik izan tailer horretan lanean eman zituen bi urte eta erdietan; covidarekin kutsatzean, bakarrik eta gauez lan egitera behartu zuten, eta, behin, nominatik 300 euro kendu zizkioten pieza akastun bat tarteko. Amaierarik gabeko amesgaiztoa, bere buruaz beste egitera eraman zuena azkenerako. Argi dago neurririk gabeko esplotazioak langileen bizitzarekin amaitzen duela sarri, batzuetan lan istripu gisa, beste batzuetan nekearen ondorioz.

Gaizki ordaindutako lanak, ezegonkortasuna, jazarpena, larderia, aparteko orduak, ordaindu gabekoak, lanaldi amaigabeak, prebentzio neurriak ez betetzea… behin eta berriro errepikatzen dira lantokietan, eta, askotan, ugazabek langileak migratzaileak edo pertsona arrazializatuak izatea baliatzen dute. Istripuak ez dira zorte txarraren ondorio, neurrigabeko esplotazioaren ondorio baizik.