Bidasoa
Luze gogoratuko dugun mobilizazioa izandako egunean, trans memoriaren eguna ere ospatu behar genuen. Horri buruz mintzatu nahi nuen, baina amaitzear geratu den bidaia baten berri izateak aldatu dit gaia. Europan zain zuen senidearengana iristear zela hil da gurean beste gazte bat. Bidasoan jazo da. Orain, atzean utzitako lagun eta senideek nola negar egingo ote dioten asmatzen saiatu naiz. Orain, bera gabe gelditu diren horiek nola oroituko ote duten asmatzen saiatu naiz.
“Ta mugak bihurtu zubi: Bidasoak ez dezala beste malkorik isuri”. Halaxe kantatu zuen Amets Arzallusek orain gutxi. Orain, berriz, “Txoria txori” abestuz agurtu zaituzte Irun eta Hendaia arteko zubian.
Bidaiaren gehiena egina zuen baina, bertsoetan bezala, helmugara iristeko ezinbestekoak dira azken urratsak. Memoria egin behar dugu, horretarako, orainean bertan, bakoitzari bere tokian emanez. Haietaz mintzo baino, haiei hitza eman behar zaie. Ez ditzagun guk ere inoiz ahaztu. Ez dadin inoiz errepikatu.
Jendetzaz betetako kaleak ezinen dituzte ezkutatu, ezkutuan dituzten horiek kaleak betetzen dituzten heinean. Bidasoa zubi edo muga izan daiteke. Egin dezagun guk Bidasoaz harrera herria, ez hilerri.
Bidasoaren bi aldeetan bizitza dela ikusi da. Bidasoa bera bizitzaren sinonimo da. Jar gaitezen Bidasoan bizitza galdu dutenen horien lekuan. Jar gaitezen bi aldeetan.