GARA Euskal Herriko egunkaria

Armada frantziarraren aurkako protestek konboi militar bat geldiarazi dute Burkina Fason


Malira zihoan konboi militar frantziarra Burkina Fason blokeatuta zegoen atzo, Estatu frantziarraren aurkako manifestazioak direla eta. Boli Kostatik abiatuta, dozenaka ibilgailuk osaturiko konboi logistiko horrek Maliko Gao hirian dagoen base militar frantziarrera hornidura eramaten du, Burkina Fasotik eta Nigerretik igarota.

Aurreko astean Burkina Fasoko lurraldean sartu zenean, konboia moteldu egin zen Bobo Dioulasson lehenengo eta ondoren Uagadugu hiriburuan ziren manifestazioengatik.

Aldiz, ostiralean, Kayan, Uagadugutik 100 kilometrora, aurrekoetan baino manifestari gehiago mobilizatu ziren konboiaren kontra eta geldiarazi egin zuten.

«Armada frantsesa kanpora», eta «Sahel askatu» oihukatuz, milaka lagunek, ukabilak altxatuta, eta burkinafasoar ereserkia abestuz, konboia hiri ondoko lur eremu batean erretiratzera behartu zuten.

Hainbat manifestarik salatu zutenez, konboiak Sahelgo hainbat herrialdetako talde jihadistentzat armak garraiatzen ditu. Hurrengo egunean lau pertsona zauritu zituzten tiroz Kayan, soldadu frantsesek eta burkinafasoarrek manifestariak sakabanatzeko tiro eginda. Konboiak Burkina Fason zeharkatzen dituen hirietan egindako manifestazioak Burkina Fasoko Afrikako Abertzaleen Koalizioak antolatu ditu.

«Hesia jartzea erabaki dugu, Frantziarekin sinatutako akordioak gorabehera hildakoak zenbatzen jarraitzen dugulako eta gure herrialdeak armarik gabe jarraitzen duelako», adierazi zuen bere bozeramaile Roland Bayalak. Mobilizatzeko deia ere egin zien konboi honen ibilbidean dauden herritarrei.

Konboia Uagadugutik 30 bat kilometrora dagoen gune militar batean geldirik zegoen, Gobernuaren eta manifestazioen antolatzaileen arteko negoziazioen zain, bideari ekin eta Nigerreko mugaraino oztoporik ez izateko.

Atzerri ministro Alpha Barryk gezurtatu zituen manifestarien salaketak: «Ezin da pentsatu gure armadak konboi bat eskoltatzen duenik terroristei armak entregatzeko», eta horrekin batera herrialdeak Frantziarekin dituen «harreman historikoak» goraipatu zituen.