Asier ROBLES
ELA SINDIKATUAREN 15. KONGRESUA

BOTOEN %90EKIN, ERREPUBLIKARANTZ JARRI DU LEMA LAKUNTZAK

MITXEL LAKUNTZA BERRAUTATU DUTE DATOZEN LAU URTEETAN ELAKO IDAZKARI NAGUSI IZATEKO, BOTOEN %90,69 LORTUTA. GAINERA, ORDEZKARIEK SINDIKATUAREN LAN-ILDOAK EZARTZEN DITUEN TXOSTENA ONARTU DUTE GEHIENGO NABARMENEZ. HIRU KIDE BERRI IZANGO DITU BATZORDE ERAGILEAK.

Goizeko 09.00etan hasi zen atzo ELAren XV. kongresuaren azken saioa, Bilboko Euskalduna Jauregian. Duela 110 urte sindikatua sortu zen lekutik gertu eta duela 37 urte ehunka langile Euskalduna Ontziolaren itxieraren aurka borrokan ari ziren lekutik gertu, ELAko ordezkariek Mitxel Lakuntza hautatu zuten berriro idazkari nagusi hurrengo lau urteetarako.

1.200 ordezkarik eta gonbidatuk bete zituzten eserlekuak eta hitzaldien inguruko eztabaida eta bozketarekin hasi aurretik, ekitaldia egin zuten Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren karietara. Aurten Euskal Herrian erail dituzten bost emakumeak gogoratu eta omentzeaz gain, eta genero identitate disidenteagatik mundu osoan pertsona askok jasaten duten indarkeria salatzearekin batera, emakumeen aurkako indarkeria lan munduan ere badela gogorarazi zuen ELAk, dantza saio artistiko baten bitartez.

Ondoren, ELAko hainbat sailetako arduradunek sindikatuaren hurrengo lau urteak markatuko dituzten lan-ildoak azaldu zituzten. Hori eginda, adosturiko zuzenketak bozkatu ziren, eta guztiak onartu ziren ordezkarien babes handiarekin.

Gonbidatuak

Biltzarrean bi gonbidatu berezi izan ziren: LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Galiziako CIG sindikatuko idazkari nagusi Paulo Carril.

Aranburuk azpimarratu zuenez, ELAk eta LABek «estrategia desberdinak» izan arren, biek dituzte helburu eta borroka komunak. Bide horretan, euskal sindikalismo independentista «erronka handiak» dituen ziklo berri batean murgiltzen ari dela nabarmendu zuen, eta «burujabetzaren aldeko konpromisoa praktikara eraman behar» dela berretsi zuen. Borroka horretan, ELA eta CIG eta Intersindikala bezalako estaturik gabeko nazioetako beste sindikatu subiranistak bidelagun izan nahi dituela adierazi zuen Aranburuk.

Carrilek, euskarazko hitz batzuekin hasita, espainiar Estatuarekiko eta botere politikoarekiko konfrontaziozko hitzaldia egin zuen. Langileek garai zailak bizi dituztela gogorarazi ondoren, «alternatiba bat formulatzeko borondatearekin» lan egitearen alde agertu zen. «Posible da politika horiek aldatzea borrokaren eta mobilizazioaren aldeko apustua eginez, hori baita lan-eskubideen konkistaren bidea», esan zuen, gogor kritikatu ondoren Espainiako Estatuan gauzatzen ari den eta sindikatu subiranistak kanpoan utzi dituen negoziaziorako mahai soziala.

Bozketa

Eguerdi aldera egin zuten batzorde eragile berria hautatzeko bozketa. Txandaka, ordezkariak botoak hautetsontzietan sartzen joan ziren. Zenbaketa egin bitartean, kongresuko parte-hartzaileek atseden hartu eta luntxa izan zuten. Kafea hartu bitartean, ordezkariek gogo onez komentatu zituzten kongresuko gorabeherak.

Auditoriumera bueltatzean, bozketaren emaitzaren berri izan zuten. Ez zen ezustekorik izan, hautagaitza bakarra baitzegoen, eta Mitxel Lakuntza berrautatu zuten botoen %90 eskuratuta. Hona hemen emaitza: 624 aldeko boto (% 90,69), 42 aurkako (% 6,10), 17 zuri eta 5 baliogabe. Era horretan, batzorde eragilea ere berritu zen, eta lehen aldiz parekidea izango da gizon eta emakumeen artean. Hiru dira batzorde eragileko kide berriak: Alazne Mantxola Mintegi (Diruzaintza), Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña (Sindikalizazioa. Planifikazioa. Genero ekitaterako plan estrategikoa) eta Leire Gallego Lopez de Goikoetxea (Ekintza Soziala. Immigrazioa. Genero berdintasun politikak).

Lakuntzak ziurtatu zuenez, datozen urteetan ELA «borrokalari» bat gidatuko du, «kontrabotere izaera eta lan-prekaritatearen aurkako borroka» berretsiko dituena eta «aldebakarreko» prozesu subiranista baten aldeko apustu garbia egingo duena.

Ildo horretan, mobilizazioaren eta greba orokorraren garrantzia azpimarratu zuen. «Greba ezinbesteko tresna da prekaritateari aurre egiteko eta lan hitzarmen hobeagoak lortzeko. Borroka egiten dugunean soilik entzuten gaituzte».

«Kapitalismoak eragiten duen indibidualismoaren aurrean, teknologia berriek eragiten duten isolamenduaren eta inposatu nahi diguten mundu birtualaren aurrean, pertsonen arteko despolitizazioaren eta deskonexioaren aurrean, sindikatuak badu zer eskaini: isolamenduaren aurka bat egitea, mundu birtual horren aurrean benetako emozioak partekatzea, etsipenaren aurka borrokatzea eta amets egitea. Horretarako daukagu sindikatua, amets horiek egia bihurtzeko. ELAn oinak lurrean ditugun ameslariak gara», esan zuen kongresua amaitzeko.