Maitasun-gorrotoa
Meteorologian aditu garenoi, edo eta meteorologia zaletasun dugunoi, azken egunetako negu kutsuko eguraldi hau ikaragarri gustatzen zaigu. Baina gisa honetako eguraldia izaten denean buruhauste handiak izaten ditugu. Esan daiteke maitasun-gorroto moduko bat izaten dugula. Zergatik da, ordea, eguraldi hau hainbesteko buruko minak sortu zale? Erantzuna argia da: parametrorik txikienaren aldaketa batek goitik behera aldatzen duelako iragarpen osoa.
Negu kontuak datozkigunean meteorologo garenok hainbat aldagai begiratzen ditugu. Esaterako, 1.500 metroan edo 5.500 metroan izango den tenperatura, horrek baldintzatzen baitu elur-maila. Bestetik depresio gune eta antizikloien kokapena, berauen mugimendu txiki batek erabateko eguraldi aldaketa ekar baitezake. Hezetasun maila, prezipitazioaren nondik norakoak ezagutzeko. Haizearen norabidea, euri gehiago edo gutxiago izango dugun jakiteko, eta abar. Horietaz aparte, beste hainbat faktore izaten ditugu kontuan.
Ez naiz azalpen zehatzetan sartuko, gehiegi luzatzea bailitzateke. Soilik mahai gainean jarri nahi dut iragarpenak egiteko garaian izaten ditugun zailtasunen zergatia. Askotan edo gehiegitan kritikatzen gaituzte asmatzen ez dugunean eta oso garrantzitsua da jendeak ikustea gure lana beste hainbat bezain zaila dela eta ez dela ordenagailu aurrean jarri eta eguzkiak eta euria marrazte soila.