GARA Euskal Herriko egunkaria
HATORTXU ROCK

Osasun egoera dela-eta, Hatortxu Rocken 25. edizioa bertan behera

Erabakia une honetan hartuta Hatortxu Rocken galerak dagoeneko «milaka» eurokoak direla jakinarazi zuten antolatzaileek, baina erabakia atzeratu eta hurrengo asteetan osasun egoeragatik edozein neurri murriztaile iristeak proiektuaren etorkizuna «guztiz hipotekatuko lukeela ikusita» aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki dute.


Atzo hastekoak ziren abenduaren 18rako iragarrita zegoen Hatortxu Rock muntatzeko lanak. Alta, horren ordez, agerraldia egin zuten Iruñeko Katakraken. «Osasun egoeraren inguruan hartutako neurriek sortutako ziurgabetasunaren ondorioz, Hatortxu Rock 25 bertan behera uztera behartuta gaude», iragarri zuten antolatzaileek.

Gaineratu zutenez, ez dago argi zer neurri ezarriko diren datozen asteetan eta ezjakintasun horrek Hatortxu Rock «erabat hipotekatzen du». «Ez da soilik aurten ezingo diogula dispertsioaren aurkako borrokari ekarpenik egin, ezingo ditugula horrek suposatzen dituen arriskuak nahi genuen moduan salatu edo ezingo ditugula dakartzan gastuak leundu. Egoera honek zulo ekonomiko handia sortuko dio Hatortxu Rocki», nabarmendu zuten.

Erabakia orain hartuta, dagoeneko, galera ekonomiko garrantzitsu bat izango dute aurten, «milaka eurokoa», hain zuzen. Zehaztu zutenez, ordea, «bertan behera utzi behar hori aurrerago izanez gero, gure galerak hamar aldiz biderkatuko lirateke», azpimarratu zuten Hatortxu Rockeko antolatzaileek.

«25 ediziotan hazitako proiektua, urtero-urtero elkartasun ekarpen ekonomiko handi bat egiten duena, ezin dugu modu horretan hipotekatu. Ezin dugu Hatortxu Rock arriskuan jarri», adierazi zuten.

2020an azkar ikusi zuten ezingo zutela Hatortxu Rock ezagutzen dugun moduan antolatu. Eta horren ordez, ikus-entzunezko produktu bat egin zuten. Aurten, Atarrabiako karpara itzultzeko aukera erabat baztertuta egon ez arren, beste eskema batzuekin lanean hasi zirela adierazi zuten.

Horiei forma ematen ari zirela iritsi zen 2021eko irailaren 28a. Maria Chivitek, Nafarroako lehendakariak, koronabirusaren ondorioz hartutako neurri guztiak bertan behera utzi zituen, musukoa izan ezik. Egun gutxi lehenago, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egoera pandemikoa amaitutzat eman zuen. «Honek guztiak leiho berri bat ireki zuen. Hatortxu denok ezagutzen dugun moduan antolatu zitekeen. Eta erlojuaren kontra lanari ekin genion posible egiteko», nabarmendu zuten.

Urte eta erdi luze honetan elkartasun ekimen gehienak bertan behera geratu dira eta dispertsio politikak eta espetxean egoteak berak dakartzan gastu ekonomikoak ez dira desagertu. «Beraz, argi izan genuen. Aukera zegoen, osasun agintariek baimentzen zuten eta Hatortxu Rock bere ohiko formatuan egin behar genuen. Eta harrera izugarria izan zen. Bai barruan, bai kanpoan», gehitu zuten.

Iragarpenak oihartzun itzela izan zuela nabarmendu eta sarrerak salgai jarri orduko, 90 minutuan, agortu zirela gogoratu zuten. «Pentsa horrek errepresaliatuentzat, senideentzat eta baita antolakuntzan ibili den ororentzat suposatu zuena. Zer nolako bultzada. Berriz ere eskerrak emateko aprobetxatuko dugu», esan zuten. Orain, aldiz, dena antolatuta zutenean, bertan behera utzi behar izan dute.

Sarrerak eta hurrengo bi datak

Datozen egunotan, sarrera erosi dutenek mezu bat jasoko dute e-mailean, dirua berreskuratu nahi duenak berreskuratu ahal izan dezan. Eta hurrengo urterako bi hitzordu aurkeztu zituzten. Bata, udarako iragarrita zutena, 2022ko uztailaren 28 eta 29koa Atarrabian. Bestea, ohikoa, 2022ko abenduaren 17an.

«Bi urte dira errepresioa pairatzen dutenek gure laguntza jaso ez dutela eta haien egoera salatu gabe. Gehiegi. Horrela, etenik gabe, udako zita horri begira lanean jarraituko dugu, osasun egoerak ahalbidetuko duen itxaropenez», esan zuten.