GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI ZINEMALDIA

«After Antarctica»-keraman du Torellokoekitaldi izoztuko sari nagusia

Amaitu berri den 39. edizioak keinu berezia egin dio Antartikari. Denera, sail ofizialean 47 film lehiatu dira. Iaz ez bezala, Torellok ikusleak hartu ditu.


International Alliance for Mountain Film erakundeak antolatutako zirkuitua amaitzear da. Iragarri bezala, abenduaren 3tik aurrera Mendi Film Jaialdia euskal mendizaletasunaren elkargunea izango da. Orain dela astebete, berriz, mendiko zinemagintzak Katalunia izan zuen egoitza nagusi. Hain zuzen ere, 12tik 21era Torelloko mendi zinemaldiak hartu zuen ardura hori.

Gogoratu behar dugu katalanen mendiko kultura jasotzen duen ekimen hori gure ingurumariko beteranoena dela. Dagoeneko 39 edizio bete ditu, eta aurtengoa berezia izan da. Batetik, iaz ez bezala, ikusleek bertaratzeko aukera izan dutelako, eta, bestetik, Antartika izan duelako ardatz.

Era horretan, Torellokoek keinu egin diote klima-aldaketa neurtzeko Lurraren termometroa den eremu horri. Eta bitxia bada ere, 39. ekitaldiaren sari nagusia jaso duen filma eremu izoztu horietan egina dago: “After Antarctica”.

Horren berri joan den asteko larunbatean eman zuten, eta epaimahaiak aitorpen hori emateko honako hausnarketa egin du: «Ekoizpen honek Will Steger lurralde izoztu horretara itzultzen du. Duela hiru hamarraldi Antartikan espedizio historiko bat zuzendu ondoren, esploratzaile horrek Artikora bidaiatu zuen hango bi lurralde jasaten ari diren suntsiketa bertatik bertara ikusteko. Zalantzarik gabe, dokumental honek ondo baino hobeto uztartzen ditu egungo zein 1989. urtean grabatutako irudiak».

Arrakastatsua

Antolatzaileak oso gustura daude amaitu berri den 39. ekitaldiak zaleen aldetik izandako erantzunarekin: «Pandemiaren erruz, urte gogorra izan da. Hala eta guztiz ere, pozarren gaude ikusleak berriro hartu ditugulako. Gainera, iaz bezala, pelikula guztiak online ikusteko parada izan da. Gainera, erakusketak, hitzaldiak eta aurkezpenak berreskuratu ditugu. Hori gutxi ez, eta sail ofizialean lehiatzeko 127 lan jaso ditugu. Hots, egungo egoera ikusita, gure historiako inoizko kopuru handienetarikoa izan da».

Kopuru garrantzitsua da, baina sail ofizialerako ohiko galbahea pasatu behar izan dute. Eta, azkenean, lehian 47 film nagusi izan dira. Aipatu dugu “After Antarctica” izan dela sari nagusia irabazi duena; bada, “The Icefall Doctor” lanak mendiko film onenaren saria jaso du. Sean Burch zuzendari estatubatuarraren ekoizpen handi horrek xerpen komunitatera hurbiltzen gaitu. Epaimahaiak dioenez, lan horrek bikain islatzen du zama-eramaileen lana: «Berebiziko garrantzia du; batez ere, bitarteko gutxi dituzten langile horiek bizitza arriskuan jartzen dutelako. Eta zertarako? Bada, pribilegiatu gutxi batzuek munduko mendi garaiena erraztasun gehiagorekin igo dezaten».

Kultura film onenaren saria, berriz, Rahim Zabihi irandarraren “Holy Bread”-entzat izan da. Dokumental horretan ia esklabotzan bizi eta kontrabandoan aritzen diren kulbar kurduen egoera jasotzen du.

Bestalde, epaimahaiaren arabera, mendiko kiroletako film onena Pierre Petit, Yvan Estienne eta Laurent Cistac frantziarren “Antarctica, mon reve de l´extreme sur” izan da. Gholipur Dashtaki irandarraren “Contagion” filmak gidoi onenaren saria eraman du, eta Nicolo Bongiorno italiarraren “Songs of the water spirits”-ek, FEEC federazioaren saria.

Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Liliana Colomboren “Icemeltland Park”-i. Eta amaitzeko, ikusleen saria “Mount Logan”-entzat izan da eta naturaguneen babesa nabarmentzen duena, “El no a l´os”-entzat.