GARA Euskal Herriko egunkaria
ALDERDI JELTZALEAREN VIII. BATZAR NAGUSIA

EAJk euskal gizartearekin «gehiago konektatu» behar duela sumatu du

Egungo Euskal Herriaren eta covid-19aren pandemiak utzi duen egoeraren gaineko diagnostikoa aurkeztu zuen EAJk, bere VIII. Batzar Nagusian. Dokumentu hori izango du oinarri euskal gizarteari aktiboki entzuteko prozesuan. Jeltzaleen proiektua «jendeari entzunda» osatu behar dela esan zuen Xabier Barandiaranek.


“Abian zurekin” lelopean, EAJk atzo goizean ekin zion, Barakaldoko BECen, bere VIII. Batzar Nagusiari. Bertan, egungo Euskal Herriaren eta covidaren pandemiak utzi duen egoeraren diagnostikoa aurkeztu du, eta hori izango du oinarri hurrengo hilabeteotan herritarrei entzuteko prozesuan.

Alderdiaz kanpoko askotariko adituekin azken hilabeteotan egin duen lanketa eta hausnarketaren ondorio da aurkeztutako dokumentua, eta diagnostiko horrek identifikatzen ditu, EAJren aburuz, Euskal Herriak hurrengo urteetan izango dituen erronkak. Bertan aipatzen direnen artean planetaren iraunkortasuna, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eta krisi demografikoa daude. Erronka horiekin batera, kalitatezko zerbitzu sozialei eustea eta gaur egungoak hobetzea, osasun sistema hobetzea, gizarte ongizatea finkatzea, enplegua sortzea, jarduera ekonomikoa babestea, digitalizazioa, hezkuntza eta euskara dira diagnostikoaren zati handi bat hartzen duten beste gai batzuk.

Entzute aktiboko prozesua

Batzar Nagusia osatzen duten 600dik gora ordezkari lehen orduan batu ziren BECen, agiri hori ezagutzeko eta horri buruz eztabaidatzeko.

«Diagnostiko hau, dokumentu hau, da euskal gizarteari aurkeztuko diogun oinarria, entzuketa aktiboko prozesu hau abian jartzeko orduan. Abiapuntu gisa erabiliko dugun agiri hau izango da oinarria, eta euskal herritarrek adieraziko dizkiguten ekarpenekin, kezkekin eta beharrekin aberastuko dugu», azaldu zuen Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak.

Entzute aktibo horretarako, EAJ bi tresna jarriko ditu martxan urtarriletik aurrera: “Entzunez eraiki” eta “Zuk esan”. Lehenengo egitasmoarekin, zazpi herrialdeetako hiri eta herrietan ehunka bilera, topaketa eta elkarrizketa egingo direla azaldu zuen Xabier Barandiaranek, EBBren Berrikuntza Politikoko arduradunak. Adierazi zuenez, munduak aldaketa handiko unea bizi du, eta aldaketa hori azkartu egin du pandemiak. Gauzak horrela, EAJk gizartearekin «gehiago konektatzeko beharra» ikusten du. «EAJren etorkizuneko proiektuak jendeari entzutetik etorri behar du», esan zuen Barandiaranek.

Bere hitzetan, EAJk «ondo oinarritutako egitura dauka, sendotasun handia erakusten ari dena, baina alderdiok etorkizunari aurrea hartzen jakin behar dugu, abiada bizian aldatzen ari delako». Ildo horretan, alderdiak bere proiektua indartu nahi duela azaldu zuen, eta hori, «euskal gizartearen eskutik» egin nahi duela. «Entzun egin nahi diogu, bai eta etorkizunerako dugun proiektua aberastu ere, proiektu politiko hori, gure jendearekin ez ezik, bestela pentsatzen dutenekin eraiki nahi dugulako. Liderra izan arren, EAJ-PNV alderdi apala da, jabetzen da euskal gizarteari entzun behar diola, bai eta harengandik ikasi ere, etorkizunari aurrea hartzeko», adierazi zuen EBBko kideak.

Burukideak gaineratu zuen entzute dinamika honek lau ardatz nagusi izango dituela: Lana eta ekonomia bultzatzea; Ongizate-gizartean aurrera egitea; 2030 Agendaren bidez planetaren iraunkortasuna bermatzea; eta demokrazian eta herrigintza molde berrietan sakontzea.

Mireia Zarate EBBko idazkariak, berriz, “Zuk esan” aplikazioa aurkeztu du, afiliazio tradizionalaz bestelako harreman bat ezarri nahi dutenei buruzagi jeltzaleekin zuzenean hitz egiteko aukera emango diena.

Android eta Apple bertsioetan eskuragarri egongo den aplikazio horrekin, “bidelagun” gisa erregistratzen den edozein pertsonak gonbita, galdera eta iradokizuna egin ahal izango die alderdiko buruei. Gainera, hainbat gairi buruzko txatetan eta inkestetan parte hartzeko eta EAJren ekintza politikoari eta agendari buruzko informazioa jasotzeko aukera emango du.

«Jendeak zer iritzi duen entzun nahi dugu, haien pentsamenduak, emozioak, ametsak eta sentimenduak ezagutu, gure ekintza politikoa norabide horretan bideratu ahal izateko. Pandemiaren ondorengo euskal gizartea hobeto ezagutu nahi dugu, eta herritarrek ere hobeto ezagut gaitzatela», gaineratu zuen Zaratek.

Eskubidea instituzionalizatu

Hurrengo urteetarako erronkak finkatzen dituen dokumentuak jasotzen duenez, autogobernua eguneratzeko prozesuak «Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzera zuzenduta egon behar du, euskal herritarrek askatasunez eta demokratikoki adierazitako borondateari bide emanez».

«Bere nortasuna eta izaera nazionala aitortuta, Euskal Herria da erabakitzeko eskubidearen eta eskubide hori baliatzeko erregulazioaren titularra. Eskubide demokratikoa da, aitortu beharrekoa, eta eskubide horren egikaritza arautu eta itundu egin behar da», azpimarratzen du EAJren dokumentuak.

Itxaso Atutxak azaldu zuenez, alderdi jeltzaleak «euskalduntasunaren kontakizun historikoa indartzeari» ekin nahi dio, «berezko ondare kulturalaren ulermen nazionala irudikatuko duena eta nazioaren ideia zehatza eskainiko duena». Bestalde, euskara «nortasunaren zutabe bereizgarri» gisa defendatzen dute jelkideek, eta, beraz, «euskal nortasunak munduan irauteko bultzatu eta hedatu beharreko lehentasunezko elementuetako bat» dela aipatzen dute.