Andoni ARABAOLAZA
JARDUERA

François Cazzanellik Ama Dablam mendianoso igoera azkarra egin du

Alpinista italiarrak, Kwangde Rin eginiko jardueren ostean, Ama Dablam mendia 5 ordu, 32 minutu eta 8 segundoan igo du. Gainera, jaitsieran, irandar bat erreskatatzeko lanetan parte hartu zuen.

François Cazzanelli italiarrak Tengkanpochen eginiko espedizioa amaitu berri du. Kondge-Ri mendian, adibidez, Roger Bovard, Emrik Favre, Leonardo Gheza eta Jerome Perruquetekin bi bide zabaldu ditu. Lan horiek guztiak bukatu bezain pronto, bazirudien etxera itzuliko zirela, baina boskote horretatik lau kide ez omen zeuden “aseta”, eta Ama Dablam mendi ikonikoan (6.812 m) igoera azkar bat egitea otu zitzaien.

Eta horien artean benetako protagonismoa izan duena Cazzanelli bera izan da. Alpeetan zein Dolomitetan igoera azkarrak egiten oso ohituta dago, eta Ama Dablam-en argi erakutsi du estilo horretan espezialista handia dela. Izan ere, alpinista italiarrak seimilako horretan marka izugarria ezarri du: 5 ordu, 32 minutu eta 8 segundo.

Aintzat hartu behar da sona handia duen mendi hori behetik gora erabat ekipatuta dagoela. Horretaz gain, hego-mendebaldeko ertza edo ohiko bidearen urratsa agentzia komertzialek zabaltzen dute, eta kanpaleku guztiak ondo baino hobeto antolatuta daude.

Alabaina, alpinista italiarrak egin duen igoera azkar hori azpimarratzekoa da. Gainera, jaitsieran etenaldia egin behar izan zuen; izan ere, mendizale irandar baten erreskate lanetan parte hartu zuen.

Oso sasoiko

Laukotea aipatu dugun abiadako igoera hori egiteko bi taldetan banatu zen. Hilaren 10ean Bovard eta Perruquet bigarren kanpalekura abiatu ziren. Bi alpiniston asmoa ohiko igoera egitea zen. Kanpaleku horretan gaua igaro ondoren, tontorrera zuzenean joan ziren.

Favrek eta Cazzanellik, aldiz, ekinaldi azkar baten aldeko apustua egin zuten. Kanpaleku nagusitik (4.600 m) goizeko ordu txikietan irten ziren: 3:20an. Denera, 2.200 metroko desnibela gainditu behar zuten. Hasieratik argi geratu zen Cazzanelli Favre baino sasoikoago zegoela, eta erritmo oso bizia ezarri zuen. 5 ordu, 32 minutu eta 08 segundo behar izan zituen tontorrera iristeko. Kideak, berriz, beste pare bat ordu behar izan zituen xede hori sinatzeko.

Jaitsieran hirugarren kanpalekuan elkartu ziren. Mendizale irandar bat erreskatatzeko abisua jaso eta lan horretan jardun zuten. Helikoptero batek ebakuatu zuen mendizalea. Cazzanellik berriro kronoa martxan jarri eta kanpaleku nagusira iristeko 2 ordu eta 17 minutu behar izan zituen.