GARA
ESKUBALOIA

Juan Bar atezainak bi urterako berritu du kontratua Anaitasunarekin

Helvetia Anaitasunak ofizial egin zuen atzo Juan Bar atezainak beste bi urterako berritu duela kontratua klubarekin. Hala, 34 urteko argentinarrak 2024ra arte jokatuko du gutxienez Anaitasunan. Patrick Bols daniarra ordezkatzeko iritsi zen udan Iruñera Juan Bar eta segituan lortu zuen titular postua. Orain arte jokatutako 11 partiduetan 94 geldialdi egin ditu, %30eko eraginkortasunarekin.

«Poz handia da 2024ra arte Anaitasunan jarraitzea. Klub ezin hobea da, denak ondo funtzionatzen du eta jokalariok hobetzeaz eta entrenatzeaz arduratu besterik ez dugu», adierazi zuen 97 kilo pisatzen eta 190 zentimetro neurtzen dituen jokalari argentinarrak.

«Iruñea bezalako hiri polit batean jarraitu ahal izatea ederra da. Hiri berezia da, bai bere fisionomiagatik bai bertako jendearengatik. Era berean, poz handia da klubak hain goiz agertu izana nire kontratua berritzeko nahia. Bide onetik noan seinale da eta horrek asko motibatzen nau ahalegintzen eta hobetzen jarraitzeko», gaineratu zuen.