GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jokin Altunak erabaki du distirarik gabeko partida Eibarren


ALTUNA-MARTIJA 22

EZKURDIA-TOLOSA 17


Altuna III.ak eta Martijak Binakako Txapelketako lehen puntua eskuratu zuten Eibarren, San Andres egunean, Ezkurdia eta Martijari 22-17 gailenduta. Paper gainean partida handia izateko osagai denak zituen arren, distira gabeko neurketa atera zen, huts asko izan zituena, eta Jokin Altunaren azken orduko inspirazioak erabaki zuena.

Hasieratik ikusi zen laukoteak ez zuela bere egunik onena. Gorriak 3-0 aurreratu ziren Tolosak goiko koltxoira botatako bi pilotari eta Ezkurdiak guztira galdu dituen zortzi pilotetan lehenari esker –Altunak ere bost galdu zituen–. Partidako lehen tanto aipagarria urdinen 3-3koan iritsi zen, Ezkurdiak ezkerrez bikain ireki zuen pilota batekin.

Bazirudien norgehiagoka berotzen hasiko zela, Altunaren hurrengo bi tantoak ere apartak izan zirelako, baina berriz ere hutsak iritsi ziren, asko nabarmenak, eta bi bikoteak deseroso aritu ziren, kantxan jarri ezinik eta elkar ongi ulertu ezinik.

Behintzat, markagailuan emozioa mantendu zen 17-17kora arte, baina orduan Altuna izan zen inspiratu eta neurketa di-da batean erabaki zuena.