GARA Euskal Herriko egunkaria

Etorkinen drama salatu du Aita Santuak Zipren hasi duen bi eguneko bisitan


Frantzisko aita santua Ziprera iritsi zen atzo eguerdian. Bi eguneko bisitan –Vatikanoko agintari goren batek Mediterraneoko uhartera egin duen bigarrena (Benedikto XVI.a 2010ean izan zen bertan)–, etorkinen egoera larriari lehentasuna emango dio Bergogliok auzi honetan krisi humanitario larria bizi duen herrialdean, Afrikako eta Ekialde Hurbileko itsasertzetatik gertu.

Uhartea bi zatitan banatuta dago. Turkiak Zipreko iparraldea indarrez hartu zuen, irla Greziak irla bereganatzeko eginiko Estatu-kolpearen ondoren.

Erromatarren garaian Zipre Afrodita jainkoaren ohorezko eremurik garrantzitsuena zen. Oraingo aroan, 45. urtean iritsi zen kristautasuna. 330-1191. urte bitartean Bizantzioko inperioaren barnean egon zen.

Beraz, Zipren bizi diren katolikoak oso gutxi dira, 25.000 bat pertsona, gehienak Asiatik eta Afrikatik etorritako etorkinak.

Hain zuzen, esan bezala, etorkinen auzia izango da Aita Santuaren bisitaren ardatza. Aurten 10.000 etorkin iritsi dira Ziprera, gehienak iparraldeko Turkiar Errepublikatik muga zeharkatuta. Biztanle kopurua kontuan hartuta (milioi eskas bat), Zipre da proportzioan errefuxiatuen a&dcThree;silo-eskaera gehien duen Europako herrialdea.

Zipreko uhartearen zatiketa ere aztergai izan dute Aita Santuak eta atzo berarekin elkartu zen presidente Nicos Anastasiadesek. Orain arte, auzia konponbidean jartzeko negoziazio-saiakerek porrot egin dute, batik bat Turkiak eta Greziak bizi duten tirabira historikoaren erruz.

Zatiketaren eta etorkinen auziez aparte –hegazkinean zihoala gogoan izan zuen Bergogliok aurreko astean Mantxako kanalean ito ziren 27 migranteak–, Libanoko egoera aipatu zuen Vatikanoko agintari gorenak Ziprera iristean. Izan ere, lehen orduetan Nikosia hiriburuko Graziako Andre Maria katedralera jo zuen maroniten patriarka Bechara Rai kardinalarekin biltzera. Azken hau 160 kilometrora baino ez dagoen Libanotik iritsi zen, elizgizon batzuekin batera. «Libano burura datorkidan bakoitzean kezka handia pizten zait han bizi den krisiarekin eta biolentziak eta sufrimenduak jotako herriaren minaz eta ezinegonaz oroitzen naiz», aipatu zuen Bergogliok, Ekialde Hurbileko herrialdean bakea izan dadin otoi egiten duela gehituz.