GARA
ESKUBALOIA

Anaitasunak errotazioari garrantzia eman beharko dio Logroñon

Helvetia Anaitasunak zenbait covid-19 kasurengatik gelditu behar izan zuen bere ibilbide oparoa. Baina bueltatzean, iragan larunbatean, garaipen bikaina lortu zuen Ademar Leonen etxean eta asteazkenean azken unean berdinketa lortu zuen Sinfinen aurka. Gaur beste aurkari eta pista zail bati bisita egin behar diete iruindarrek: Logroño Errioxa (19.00).

Quique Dominguezen jokalariek aukera ederra dute sailkapeneko goialdean jarraitzeko –zazpigarren dira, 12 puntu eta partida bat gutxiagorekin–, beste taldeei beldurra sartzen jarraitzeko, eta gaur aurrean izango duten Logroñori irabazita, gertuago izango lukete talde errioxarra.

Sinfinen aurka bolada korapilatsu bati hasiera eman zioten nafarrek: bost partida jokatu behar dituzte datozen bi asteetan. Horregatik, taldean nekea sumatzen dela ohartarazi zuen Quique Dominguez entrenatzaileak atarikoan egindako adierazpenetan. Errotazioa, beraz, oso garrantzitsua izango da.

Alde ona begiratuta, iruindarrek ia talde osoa dute prest. Hori oso seinale ona izaten da beti. Are gehiago zenbait covid-19 kasu izan eta gero. Nekeaz gain, sentsazio arraroarekin amaitu zuten Anaitasunako jokalariek Sinfinen aurkako partida.

Logroñori buruz, Dominguezek azaldu zuen nabaria dela «progresio batean» daudela eta taldean «oso ondo» jokatzen dutela. Trantsizioak eta erritmo altua ere nabarmendu zituen Anaitasunako entrenatzaileak.

«Forma onenean dagoen talde horietako bat da», gaineratu zuen galiziarrak. Izan ere, errioxarrek segidako bosgarren garaipena lortu nahi dute nafarren kontra.