Xole ARAMENDI
DURANGO
56. DURANGOKO AZOKA

DA! PRO, zuzenekoak lortzeko beharrezko bultzada sortzaileei

Sortutakoa kultur kontsumitzailearengana iristea da sortzailearen nahia. Musikak eta arte eszenikoek agertokiak behar dituzte horretarako. “Bolo”-ak lortzeko bitartekari lana egiten ari da egunotan Gerediaga Elkartea, DA! PRO egitasmoaren bitartez.

Euskal Herrian kulturgintzak bizi duen errealitatearen ispilu da egunotan –asteazkenean abiatu eta larunbatean amaituko da– Durangon egiten ari den DA! PRO ekimena. Sortu ondoren publikoarengana iristea ez baita beti erraza, are gutxiago euskarazko sorkuntzan. Kate luzeak katebegi denak sendo behar.

Euskal Herri osoko sortzaileei zein programatzaileei –izan erakunde publikoetan lanean ari direnak izan enpresa pribatuak– egin die gonbita Gerediaga Elkarteak.

Landakon, Ahotsenean eta beste guneetan sortzaileei kulturzaleekin aurrez aurre elkartzeko aukera eskaintzen zaie. Eta aurtengo edizioari hasiera eman aurreko egun eta orduetan sortzaileen eta eragileen arteko topaketa egiten ari dira, kontratazioei bideratua.

Haziz doan egitasmoa da. Izan ere, orain arte musikara mugatzen ziren, baina 56. edizio honetan beste diziplina batzuetara zabaldu da –familia ikuskizunak, besteak beste– eta egun bateko iraupena izan ordez lau egunera handitu da. Jauzia egin nahi izan du Azokak.

Asteazkenean, musikariek eta musika taldeek beren azken lanak aurkezteko aukera izan zuten Euskal Herriko diskoetxe eta managerren aurrean. Horretarako, artista edo talde bakoitzak hamar minutuko aurkezpen bana egin zuen Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Azokan bertan salgai dauden euskarazko nobedadeei zuzendutako egitasmoa da. «Artista hasiberriak hobesten dira ibilbide luzea daukatenak baino», kontatu du Izaskun Ellakuriaga Gerediagako kideak.

Bulego, Joseba Irazoki, Madeleine, Hibai eta Bixente Martinezek parte hartu zuten, beste hainbaten artean. Artisten aldetik harrera ona jaso du Gerediagak. «Pozik ikusi ditugu, aukera ontzat jotzen dute guztiek».

Joseba Irazokik lehen aldiz parte hartu du eta pozik dago esperientziarekin: «Antolakuntzak oso lan serioa egin du. Erraztasun denak eman dizkigu. Oso ‘pro’ izan da, izenak dioen bezala. Saioa oso azkar joan zen, baina askoz gehiago ere ezin da luzatu, bestela egunak beharko genituzke bildutako musikarion lana entzuteko. Programatzaileak ere nahiko zeuden, aretoa nahiko betea zegoen».

«Estatu mailan hor dago BIME Pro, musika jaialdiei zuzendua, eta Durangokoa sortzaileoi bideratua da. Horrelako ekimenak ongietorriak dira, aretoekin-eta erlazioak sendotzeko aukera eskaintzen du. Berriki sortu da Lanartea, euskal sortzaileen elkartea. Oraindik bide luzea dugu egiteko lanbideari normaltasuna emateko eta era honetako iniziatibek gure lana ikusgarriagoa izaten laguntzen dute. Beste edozein lanbidetan daude ‘feriak’ eta gurean ere horrela hartu behar da; beharrezkoa da. Historikoko artistok nahiko desastre izan gara alor honetan, gurea sortzea izan da, eta gure herrian badago gugan pentsatu eta lan txukuna egiten duena». Bere burua “saltzea” arraroa egin zitzaion beratarrari, hori bai. «Batzuk managerrarekin joan ziren. Sentsazio arraroa da ‘autobonboa’ egitea», aitortu zion GARAri.

Formatua

Programaren formatua beharrei egokituz joan da azken urteotan eta aurrera begira ere bide beretik jarraituko dutela adierazi zuen Izaskun Ellakuriaga Gerediagako kideak. «Lehen edizioan, 2019an, 17 musika proiektu aurkeztu ziren. Pare bat taldek hobekien egiten dakitena egin zuten, zuzenean jotzea, eta hura ikusita formatua aldatu genuen 2020an. Hamar minutuko kontzertu txikiak antolatzea erabaki genuen», gogoratu zuen Ellakuriagak.

Programatzaileen kopuruak ere gora egin du, hasierako 17tik aurtengo 25era. «Musikariei dagokienez ere inoizko gehien, 27 proposamen jaso ditugu. Hamabostentzat baino ez daukagu lekua eta aukeraketa egin behar izan dugu», esan zuen.

Ostegunean, familia ikuskizunen eta tailerren txanda izan zen. Sortzaileak Bizente Mogel liburutegian elkartu ziren beren ikuskizun eta tailerrak sektore honetako teknikarien aurrean aurkezteko. «Sortzaile asko dago, baina asko ezezagunak dira eta interesekoa iruditu zaigu diziplina hau ere egitarauan sartzea», esan zuen Ellakuriagak.

Agertoki gainean ikusitako «proposamen berritzaileak» nabarmendu ditu Gerediagako kideak. Besteak beste, Hegoak, Pantzart, Urdaibai Poetry Slam, Maite Arrese Yogipuinak eta Porrutata Demode izan dira parte-hartzaileen artean.

Ikus-entzunezkoen alorra du orain begi-bistan Gerediagak. «Zer egin pentsatzen hasi ginen. Ekoiztetxeek proiektu ugari oinarritzen dituzte literatur lanetan. Hausnarketa egin nahi dugu euskarazko literatur lan batek zein aukera dituen ikus-entzunezko proiektu bilakatzeko», azaldu du Ellakuriagak.

«Estatu mailan badago antzeko ekimena, literatur testu bat aukeratzen du epaimahaiak, eta ekoiztetxeei aurkeztu eta ikus-entzunezko proiektua bihurtzen da. Era horretako egitasmo batean bitartekari izan gaitezkeen aztertu nahi dugu. Lor genezake urteren batean euskarazko literatur lan bat ikus-entzunezko bihurtzeko plataforma?», bota zuen galdera.

Hori argitze aldera, atzo “Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?’ hitzaldi laburren zikloa eta mahai-ingurua egin ziren Durangoko Zugaza zinemetan (Irudienean). Unai Elorriaga, Joanes Urkixo, Aizpea Goenaga eta Ander Barinaga Rementeria aritu ziren hizlari, eta Amaia Nerecan, moderatzaile lanetan.

Jardunaldi hau idazle, zinemagile, gidoilari eta ekoizleei zuzendutakoa izan zen bereziki. Hori horrela, eleberri edo komiki bat pantaila handira egokitzearen aldeko apustua egiteko beharrezkoak diren baldintzak azaldu dituzte ikus-entzunezkoen industriako profesionalek. Nor bere esperientziatik abiatu eta elkarrekin partekatzen amaitu dute saioa.

Atzo entzundako iritziak eta testigantzak kontuan hartuko ditu Gerediagak, erabakitzeko «zelan izan ahal garen bidelagun, etorkizun batean guk buruan daukagun ekimena aurrera irteten bada».

Formakuntza ere modu berezian landu nahi du Gerediagak. Bihar, Landako Gunean, “Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak” izenburupean egingo den solasaldia antolatu du. Egile eskubideen, kontratazioaren, komunikazioaren eta halako kontuen inguruko hausnarketa egingo da hasiberri zein ez hain hasiberriei bide profesionalari ekiteko «erremintak» eskaini nahian.