Jon ORMAZABAL
PILOTA

Amildegian aurkitu zuten bakea

Jaka-Mariezkurrenak euren lehen puntua eskuratu zuten lizartzarraren bi gantxo itzelek erabakitako partida gorabeheratsu batean.

JAKA-MARIEZKURRENA 22

LASO-IMAZ 21


Atzerako ispiluan gehiegi begiratu gabe jokatzea gustuko duten bi pilotari dira Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena, gehienean kale edo bale jokatzen duten horietakoak eta Lizarran amildegiaren ertzetik bertan izan ziren arren, partida oso gorabeheratsu batean, euren lehen puntua eskuratu zuten Laso eta Imazen aurka 22-21 gailenduta. Bizkarreta-Gerendiaingoak eta oiartzuarrak esku-eskura izan zuten garaipena (19-21), baina dena alde zuela aurrelari nafarraren erremateak txapan jo zuen eta Erik Jakaren sekulako bi gantxok –lehena, gainera, zabaletik pilota ikaragarri zail bat eraman ostean– lehen garaipena eman zieten gorriei, bide batez gainetik pisu handi bat kenduz.

Elkarri neurria ondo hartuta, gauza handiak egiteko moduko bikotea behar dute aurrelari gipuzkoarrak eta atzelari nafarrak, euren jokoa osagarria da eta erabat, baina orain arteko euren partidarik onena jokatu bazuten ere, oraindik ere leuntzeko ertzik badutela ikusi zitzaien Lizarran, atzelariari gehienbat. Oso gaztea izaki, patxada apur bat behar du oraindik, jotzeko eta eusteko pilota aukeratzen ikasi beharra, are gehiago ia beti arriskuak hartzen dituen aurrelari batekin.

Hasieratik antzeman zitzaien hala ere biei aurreko bi asteetan izan ez zuten aldartea zutela pilotarako eta 4-0 aurreratu ziren, Mariezkurrenak aginduz eta Jakak amaituz. Baina pilota guztietan apurtzera joan beharraz, nahi baino huts gehiago pilatzen hasi zen Berriozarreko atzelaria. Eta gainera Lasok ez zuen bere lagun minaren gupidarik izan. Lau eta erdiko txapeldunordea da gaur egun, atzelari jotzaile baten aurka, partiden norabidea alda dezakeen aurrelari bakanetako bat eta ia zuzenean joan ziren Laso eta ongi lagundu zion Imaz lehen atsedenaldi luzera (7-12), tartean 0-9ko partzial bat lagun. Ordurako 6 akats genizkion apuntatuta Mariezkurrenari baina pixkanaka bere burua hobeto neurtzen asmatu zuen, beste bi gehiago baino ez zituen egin eta partida ere berriz aldatu zen.

Lasok ere ez zion horregatik muzin egin joko oldarkor horri eta jarraitutasun handirik ez baina tanto eder ugari eta emozio handia izan zituen partida amaierak, etengabeko berdinketekin. Polemikarik ere bai 18-19koan, baina dena azken tantoetan erabaki zen eta amaiera horretan Erik Jakak gehiago asmatu zuen.